Emaztearen baserrian, Messiri eskerrak, Euskaltzaindiak ez du hatzaparrik sartu oraindik. Nire etxean biak sartu zituen aspaldian eta oraindik liseriketa lanetan nabil. Arichelaren garaian (Haritschelhar idazten zuen berak), erabaki zuten nola idatzi behar nuen nire abizena, Muxika; baina nik ez dut onartzen. Nortasun agirian espainiarrak garela jartzen duen bezala, epaitegi eta erroldetako zerrendetan Euskaltzaindiak gure izenak moldatu eta egokitzen ditu, beraienak balira bezala. Gustoko ala ez. Errebelde, bihurri naizela esaten didate tarteka baina nik nahiko zentzuzkotzat dut nire burua. Pertzepzio asuntoa, quiero pensar. Gutxitan joaten naiz. Baserrira, diot. Baina gustora. Batipat tripakada dugunean. Sabela bete ondoren, musean ibili ohi gara. Faroleroa baino, odolberoa naizela esango nuke. Ez dut esan nahi gezurrik esaten ez dakidala, baina tira, nahiko zintzoa naiz, naturala, gardena... eta laster antzematen ditut miaztubekok (miaztugabekoak esan liteke ere bai). Emazteak dio, hitz hau, beste batzuk bezala, made in Balda (baserriaren izena) dela eta beste inon ez dela erabiltzen. Miaztubekoa. Ez duzue Googleen aurkituko, ez, baino ondo baino hobeto adierazten du esan nahi duena: Estirau. Seguru nago Euskaltzaindia pertsona balitz, miaztubekoa litzatekeela.