Hilaren 18an, igandea, bost eta hiru urteko seme alabak manifestaldi batera eramatea erabaki genuen. Nire bizitza osoko bigarrena nuen nik pertsonalki. Bidean gindoazela, nire alabak “Ez, ez, ez, zabortegirik ez” nola ohiukatzen zuen arrotz egin zitzaidan. Ni ere ez nintzen ausartzen. Txikitan, irakasle batek ahots zakarra nuela azaldu zidanetik, abeste lanetan atzera botatzen den horietakoa naiz. Sagardotegian ere! Ez dute hortan aitaren antzik nire txikiek eta laster ikasten dute gainera. Eroso eta indartsu sentitu ginen. Astelehenean, eskolara bidean, gure ondo ondotik Mutiloako Lurpe zabortegira pasatzen ziren kamioiak behatzarekin seinalatu eta “oso gaizki egiten ari dira”, errepikatzen zuen alabak. “Kamioiek ez dute hemendik pasa behar..., ezetz, aita?”. “Ez, printzesa. Arrazoia duzu”, eran-tzun nion. Tartean, barne eztabaida: Ondo ari ote naiz hain gaztetik horrelakoetan inplikatuz? Halako batean, berriro: “Ez, ez, ez, zabortegirik ez”, manifestaldiko lema azalerazi zuen neskatxak, sendo. “Aita, oso gaizki!, begira, beste bat! Zergatik ari dira kamioiak...? Jolin, ezin dute hemendik pasa! Beldurra ematen didate”. Ez nekien zer esan. “Begira, kariño, horren arduradunak gauzak gaizki egiten ari dira”, azaldu nion. “Eta zergatik ez dituzte ondo egiten?”, esan zuen. “Ez dakit, kariño”.
- Multimedia
- Servicios
- Participación
