Hizpide eta albistegai izan dugu aste honetan, espainolezko izena hi-tzez hitz itzulita, “Nazioaren egoerari buruzko eztabaida”. Izenekin askotan gertatzen den bezala, hemen ere oso argigarria da izena, nazioa singularrean aipatzen du-eta, Espainian kontuan hartzen duten nazio bakarra, eurena alegia. Ez da zer harritu, beraz, Euskadik Mariano Rajoyren hitzaldian lekurik ez izateaz, eta Kataluniak ere ez gehiegirik. Ez da zer harritu euskal parlamentariei emandako erantzunez: ez da ezer aldatuko, ez espetxe-politikan, ez Gernikako Estatutuak aurreikusten dituen eta oraindik eskualdatu gabe dituzten eskumenetan, ez autogobernuan sakontzean? Presoen sakabanaketari eutsiko diote, ez da inon maila honetako autonomia estatuturik? Zaharra berri. Bakea, bizikidetza, Euskadirekin beste modu bateko harremana lantzea ez daude Rajoyren agendan. Egia esan, ez orain agintean dagoen alderdiaren agendan, baina ezta oposizioko beste zenbait alderdiren agendan ere. Horren aurrean zer?

Hor dugu Urkullu lehendakariak Legebiltzarraren esku utzi duen saioa, Estatutu Berri baterako Proposamenari duela hamar urte eman zioten ate-danbatekoaren ondoren Estatus berri baten alde ahalik eta akordiorik zabalena lortzeko saioa. Badirudi popularren laguntza handiegirik ezin dugula espero; sozialistek ere ez du ematen orain arteko diskurtsotik aldentzeko asmo gehiegirik dutenik. Erabakitzeko eskubidea aipa-tzea nahikoa da gizartea zatituko duen egitasmorik ez dutela babestuko entzuteko. Ramon Jaureguiren iritziaren berri izan dugu egun hauetan bertan: Euskadi eta Kataluniaren “izaera berezia” jasotzearen alde, baina autodeterminazioa edo horren antzekorik inola ere ez (nora joan ote zaigu Trantsizioko lehen urteetako PSE-EE hura, autodeterminazioaren aldeko aldarrikapena egiten zuena?).

Zer geratzen zaigu orduan? Abertzaleen arteko elkarlana, hasteko behintzat; Eusko Legebiltzarrean gehiengoa duten alderdien artekoa. Aitortu behar dut esperantza apur bat sentitu dudala azken hilabeteetan EH Bilduko arduradunen adierazpenak irakurri, eta Ficoba erakustazokan Euskal Bidea aurkeztean esanak entzunda. Prest agertu dira lankidetzarako ez bakarrik erabaki-tzeko eskubidearen aldeko lanean, baita gizarte-arloan ere, erakundeetan; are, gobernuak osatzeko ere.

Esperantza horrekin batera haserrea ere sentitu dut XXI. mendean Eusko Jaurlari-tzak behin eta berriz aldarrikatu dituen ideiak berriak balira bezala eta plazaratzen lehenak eurak balira bezala ikustean. “Eskubide guztiak herritar guztientzat”: zer zen, bada, 2001eko Kursaaleko adierazpenaren oinarrietako bat, Printzipio Etikoa, hain zuzen ere? Euskal lurraldeen egoera juridiko-administratibo desberdinak abiapuntu harturik, “hiru erritmo eta abiadura”, lurralde bakoitzak etapa eta prozedura propioak izan ditzan. Zer zen, bada, Estatutu Politiko Berrirako Proposamenak zioena? “Euskal herritar gisa bizitzeko eta euskal herritar gisa nola bizi nahi dugun hautatzeko erabakitzeko eskubidea behar dugu”. Zer izan zen, bada, Eusko Jaurlaritzak lehenik eta Eusko Legebiltzarrak, ondoren, gehiengo osoz onartu zuen Kontsulta Legearen oinarria eta funtsezko aldarrikapena? Euskal identitatea babesteko eta garatzeko ez ezik, euskal herritarren ongizatea bermatzeko eta handitzeko egitura juridikoa litzateke Euskal Estatua (nori entzun ote diot behin eta berriz baieztapen bera?).

Baina hegaldi laburrekoa izan da nire hasierako esperantza apur hura. Izan ere, hitzez adierazitako elkarlanerako borondate eta eskaintzak ekintzak behar ditu ondoan. Ez dugu, ordea, horrelakorik ikusten. Aitzitik, Euskal Bidea aurkeztu baino hilabete gutxi batzuk lehenago jakinarazi zioten gizarteari EAJ/PNV ez dagoela, oraingoz, horretarako prestatua; nahiago duela PSE-EErekin akordio taktikoak egitea, EH Bildurekin egiazko akordiora iristea baino. Gainera, ustel usaina zerion jeltzaleen eta sozialisten arteko aurrekontuei buruzko akordioari; tamalgarria omen da erabakitzeko eskubidea uka-tzen duen alderdia hautatu izana eta ez EH Bildu, herri-akordioetarako borondatea duena (norekin atera ditu aurrekontuak EH Bilduk behin baino gehiagotan bai Gipuzkoako Foru Aldundian eta bai Donostiako Udalean?). Tokiz kanpokoa eta desegokia Urkullu lehendakariak armak uzteko eginiko proposamena; egiaz gauzatzeko inolako borondaterik ez zuena, beste ekimen bati bidea ixteko baino egin ez zena. Hitzeman, bergizarteratze-programa, ostera, “brindis al sol” omen da, Jaurlaritzak ez duelako oraindik espetxe-politiken gaineko eskumenik. Sakabanaketari amaiera ematea, horretan jarri behar du ahalegin osoa Gobernuak (antza denez, horretarako ez du beharrezko espetxe-politiken gaineko eskumenik)? Ez dakit adostasunera erakarri nahi direnak konbentzitzeko biderik egokiena den deskalifikazioena, borondatea benetakoa baldin bada, behintzat.

Hitzak nahikoa ez eta, kereila kereilaren gain, horixe izan da eguneroko ogia bai Bizkaian eta bai Gipuzkoan ere. Noticias taldekoek joan den astean bertan gogoratu zigutenez, hogeitik gora, gehienak udal mailakoak, azken lau urteetan, ustez irregulartasunak egon zirelakoan, batik bat hirigin-tzarekin zerikusia zutenak. Eta ez behin bakarrik, batzuetan bi eta hiru bider ere salatu dituzte alkate ohi batzuek. Gehienek ez dute aurrera egin, baina, bien bitartean, beren izena susmopean ikusi dute aurreko legealdian alkate izandakoek edo gaur udalaren ardura dutenek. Hauteskundeak hurreratu ahala, areagotu egin da erasoa.

Aurreko urteetako laburbildumatzat har daiteke Hiriko auzia dela-eta Eusko Legebiltzarrean eginiko interbentzioa eta salaketa: diru publikoa txertatu du EAJ/PNVk hainbat egitasmotan, beti ere beren inguruko enpresarien mesedetan. Gero eta argiago omen dago “trama” bat egon zela diru-laguntza publikoak “onura pribatu gisa” baliatzeko. Ahaztu ote zaigu nor izan zen Bruselan auto elektrikoaren aurkezpenean? Nork, zein gobernuk -Euskadiko zein Espainiako- eman zizkion diru-laguntzarik handienak egitasmoari? Ez, ez oker ulertu lerro hauek. Ez dut eskatzen, ez dut nahi ez EH Bilduk eta ez beste inongo alderdik beste aldera begiratzerik irregulartasunak daudelako susmoa baldin badute. Ez da hori. Eta badakite. Baina badakite, halaber, ez dela zintzoa “sistematikoki ageri dira EAJren siglak irregulartasunei lotuak” dioen mezua zabaltzea. Ez dela zintzoa Gipuzkoako Ba-tzar Nagusietan bultzatutako erabakia, ikerketa-batzordea sortzekoa Bidegi auzian egon daitezkeen erantzukizun politikoak argitzeko, 26 egunean ikerlana egin eta ondorioak atera beharko dituena (bide batez, zein alderdirekin batera atera dute aurrera ikerketa-batzordea osatzeko erabakia?). Ba al dago hor bermerik? Ala aldez aurretik erabakitakoa plazaratu baino ez da egingo martxoaren amaieran? Legealdi osoa eraman du Azpiegitura eta Mugikortasuneko foru diputatuak irregulartasunen baten bila; ezin izan du ezer frogatu. Baina zalantza, susmoa erein behar da hauteskunde aurreko asteetan; gero ezer froga-tzerik egongo ez bada ere, aurrera! Sortu ikerketa-batzordea! Ez da nik esana; euren hitzak dira.

Hori al da helburu bakarra? “Albisteetako zigorra eta desgastea”, ea hurrengo hauteskundeetan EAJ/PNVk baino boto bat gehiago lortzen duten. Abertzaletasunaren gidari-tza nork hartuko duen, hori baldin bada auzia, jai dugu. Alferrik izango da hurrengoan ere erabakitzeko eskubidearen alde dauden indarrek izatea gehiengoa udaletan, Foru Diputazioetan zein Eusko Legebiltzarrean.