Cartas a la Dirección
zURE heriotzak, seguruenik, oroimen asko eta desberdinak sortu ditu: giza sentimenduak, alderdi politikoenak, etabar. Nire oroimentxo hau sentimenduetatik bideratu eta idatzi nahi nuke. Gure lehen harremana profesionala izan zen. Abokatu zinen baina, hasiera-hasieratik, profesiotik haratago, gizaki orok sakonean duen izate hori aurkitu nuen; azken batean, gainontzekoak sakontasun horien gehigarriak baitira. Eskuzabala, harrera errazekoa, beti laguntzeko prest, balio horiek ziren zure bereizgarriak. Zure langunea ere (idazkaria barne, hainbeste maite genuen Mari Bel anderea) gune ezin egokiagoa zen garai hartako kezkak, torturak, epaiketak eta mila gauza azaltzeko.
Baikorra zinen eta, beti ere, gertakari ilun guztiei argia aurkitzen zenekien. Zurekiko izan ditudan harremanetatik garrantzitsuena Burgosen eginiko epaiketa sumarisimoarena litzateke. Gogoan dut 20 urteko kondena hamar urtera jaistea lortu zenuela eta bukaeran besarkada bero eta adiskidekor batean elkartu ginen biok. Epaiketa aurretik ere zeru-lurrak mugitu zenituen Elizako eta Fraideen Hierarkiak nola edo hala protesta ager zezan, baina, ezertxo lortu ez arren, aurrera egin zenuen.
Gero ere, erabaki gogorrak hartzerakoan, lagun sentitu zintudan eta, garai hartan elkarrekin kartzelan egon ginenon izenean ere eskertu nahi nizuke, kartzelara ikustaldia egitera etortzen zinenean gizartea eta familiaren bitartekari fina baitzinen. Elkarrekin izan ginen kartzelatik atera eta Amnistiaren Aldeko Gestora sortu genuenean. Han ere fin jokatu zenuen. Herri honek asko zor dizu. Mila esker Juan Mari eta "adiorik ez. Oroimenean izanen zaitugu".
Felipe Izagirre