Hernaniko Udalean orain dela 20 urte hasi ginen euskarako klaseetara joaten, modu planifikatu batean. Urtero-urtero langile multzo bat joaten zen euskaltegietara.
20 urteotan, langileen %80 pasa da euskaltegietatik, klase partikularrak ere antolatu izan dira Udaletxean bertan... Langile guzti-guztiok izan dugu aukera euskara ikasteko, hobetzeko, lantzeko. Lanorduen barruan eta doan jaso dugu prestakuntza, gehienetan. Perfilak lortu: udal langileen ehuneko handiak lortu ditu. Badaude oraindik lortu gabeak ere.
Lanpostu hutsak betetzeko momentuan ere zorrotz eskatu izan da euskaraz jakitea, bakoitzari bere mailan.
Beharra eta aukera estu-estu lotuta joan dira Hernaniko Udalean. Euskaraz lan egiten ikasteko aukera asko eduki ditugu eta dauzkagu oraindik, eta benetan eskertzen diogu Udalari ahalegin hori. Gainera, kolore desberdineko Udal Gobernu Talde guztiek babestu dute udal langileok euskaraz ikastea.
Eta erabili? Perfila lortzeak ez du garantizatu, gaztelaniaz lan egitetik euskaraz lan egitera pasatzea automatikoki. Betiko ohiturak aldatzea ez da erraza izaten. Eta horretarako ere izan dira laguntzak, eta orain ere badaude. Trebakuntza saioak deitzen diegu. Langilearen ondoan jarri eta idatziak nola hobetu, hiztegia nola aberastu, akatsak nola zuzendu erakusteko bi langile daude Udaletxean. Hau ere lanorduen barruan egiten da, eta lanlekuan bertan.
Baina, gaitasun eta ohitura arazo hauez gain, egon da Udalean halako dinamika bat, asko zaildu duena lana euskaraz egitea: euskaraz egindako guztia gaztelaniaz jarri beharra, euskaraz ikasi ez duten agintari eta arduradunentzat.
Baldintza horietan, gutxienekoak ziren euskaraz lan egiten zuten langileak. Euskaraz lan egiteagatik arrotz, bazterreko eta bigarren mailako sentitu izan gara maiz. Gaztelaniaz lan egiteak ez zuen inolako arazorik ematen; alderantziz, hori zen normala eta prestigioduna.
Baina guk erabiltzeko ikasi dugu eta gure betebeharra da erabiltzea; eta gainera erabili egin nahi dugu, gure eskubidea delako.
Horregatik, eskertzen diogu Udal Gobernu Talde berriari euskaraz lan egiteko erabakia praktikara eramateko hartu duen asmo sendoa.