mundu osoan klase borroka gordinean murgilduta gaude, zeinean, zoritxarrez kapitalistek aurrea hartu diguten. Europan, esate baterako, Greziarekin hasi ziren, eta berehala gurekin. Zapateroren plana, ezbairik gabe, frankismoaren amaieratik hona Espainiako Estatuan egin den langileen eskubide sozial eta ekonomikoen aurkako erasorik handiena eta gogorrena da.

Zorionez, zenbait tokitan langileria hasi da haserretzen. Grezian bost greba orokor egin dituzte jadanik, Frantzian, irail honetan bi. Guk, Euskal Herrian bi. Alabaina ez da aski. Gehiago egin behar dira eta batez ere Europa osokoak. Horregatik ongi etorria Europako Konfederazio Sindikalak irailaren 29rako mobilizazioak egiteko egindako deia. Grezian greba orokorra bilakatuko da, baita Espainiako Estatuan ere, UGTk eta CCOOk deituta. Bazen garaia! Izan ere, Greba Orokorra dugu, bere mugak kontuan harturik, tresnarik eraginkorrenetakoa araso horiei aurre egiteko. Noski, baldin eta ekintza isolatua bezala ez bada ulertzen, eta borroka egun hauen ondoren sindikatuak neguko kasernetara edo betiko martxara itzultzen ez badira.

Zoritxarrez, mobilizazio orokorrerako dei horrek kalapita eta istiluak ekarri ditu Euskal Herriko sindikalgintzan. ELAk eta LABek bere desadostasuna azaldu dute argudiatuz ekainaren 29ko grebarekin geure kupoa bete genuela eta, batez ere, ez direla fidatzen sindikatu konbokatzaileekin.

Ez nago ados argudio eta jarrera horrekin. Lehenengo argudioak ez du funtsik, gauden egoera kontuan hartuta. Ekainean grebara jotzeko azaldu genituen arrazoi guztiek bere horretan diraute, are denbora igaro ahala gaiztotzen ari dira. Bigarrenari buruz, bi sindikatu horien estrategiarekin haserre egoteko arrazoiak izanik ere, ezin diogu Espainiako Estatua astinduko duen greba bati bizkarra eman, eta are gutxiago, ezin dugu greba jo eta ke sustatzen ari diren zenbait sindikatu txiki eta aipatu sindikatuen korronte borrokalariekin solidaritatea apurtu. Iniciativa Internazionalistari lagun-tza eta botoa eman zietenei eran-tzuteko modua da hori? Edo aparatu arrazoiak jarri dira guztien gainetik?

Badira garaiak zeinetan interes orokorrak eta benetako internazionalismoarenak jarri behar diren guztien gainetik. Horietako batean gaude.

* Idazlea