Gehienoi grazia egin zigun Espainiako Hizkuntza Akademiak "zulo" euskal hitza gazteleraren hiztegi nagusian barneratzeko erabakia hartu zuenean. Hizkun-tzalarientzat ez zen sorpresa handia izan, erabat ohikoa baita hizkuntza batek beste baten hitzak mailegutzat hartu eta beretzeko jokaera. Kasu honetan, hiztun kopuru txikia duen hizkerak zabalkunde nabarmen handiagoa duenaren ondokoari eskaini zion hitza, besteak beste, hitz hau halako funtzioa betetzeko gizarte espainiarrean zabaldua zegoelako. Honetaraino normala, bitxikeria besterik ez.
Askori, ordea, ez zaigu oharkabean pasa hitz hartzaileek zulori eman dioten adiera murriztailea. Alde batera utzi dute zulo hitzak euskaraz duen aberastasun lexikala eta hamaika esanahietarako makulu erabilgarritasuna: ume asko ama zulo dira, sorgin zulo deitzen zaio lamien koba zulo askori, untxiek habi zuloak egiten dituzte, gurpilak zulatu egiten dira, hildako txakurrak zuloan sartzen dira eta gure gorputzak zulo-hutsune anitz ditu: sudurzulo, ahoko zulo, belarritarako zulo eta uzkia izendatzeko ere ipurdiko zulok balio du. Espainolentzat, ordea, zulo soilik da: "Lugar oculto y cerrado dispuesto para esconder ilegalmente cosas o personas secuestradas". Honela saihesten dute, besteak beste, ziegari zulo deitzea.
Arazoa, ordea, ez dago hizkun- tza batek maileguan hartzen duen hitzari emandako adiera berrian; arazoa sortzen da, bi hizkuntza horien artean elkarri eragiteko gaitasuna guztiz desorekatua dagoenean. Arazoa dago gaztelaniak euskaratik hitz solte gutxi batzuk hartzen dituen bitartean hegoaldeko euskarak mailegu zaparrada hartu behar duela gaztelaniatik eta iparraldeko euskarak, berriz, frantsesarengandik. Demagun, denboraren poderioz eta erderaren gehiegizko eraginagatik bai zulo bai eta abertzale hi-tzak etorkizuneko euskaldunek gaztelaniazko adiera bakarrean ulertzen dutela. Honela, zulo hi- tza zera litzateke: gauzak edota bahitutako pertsonak legez kanpo ezkutatzeko abertzaleek dauzkaten leku itxi eta ezkutukoak. Atera kontuak!