Altzotik, mila esker zuri
"amEts polit polit bat izan dut bart" zioen gure abestiak eta oso ondo islatzen zuen ekainaren 13an Eskola Txikien festaren atarian zein zen gure nahia, gure sentipena. Urte osoko bizipenak genituen soinean, urte osoko lana eta ahalegina eta amaiera nola ez, amets polit bat bezalakoa izatea nahi genuen.
"Bi ginen ta zu hiru, zenbat miru": Miru asko, milaka miru, hori bai, hegan etorri ordez, autobusez inguratu zineten Otsabioren magalera ekainaren 13an. Eta hantxe geunden zure zain. Nolako harrera egin genizun? Bete al genuen aurrez esandakoa? Alegia, Altzok hartuko zaitu bere altzoan.
Harreraren ondotik, ondo pasa al zenuen prestatutako ekitaldietan? Gustura jardun al zuten seme/alabek jokuetan?. Gustatu al zi-tzaizun prestatutako erakusketa? Eta, lekuko aldaketa? Aizu, eta ia herri osoa oholtza gainera igo ginenean zer... ondo abestu al genuen?
Eguerdia iritsi zen eta tripa zorriak senti-tzen hasiak dagoeneko. Egunak merezi zuen eta gosea kentzeko mokau goxo bat egitea onena. Frontoian prestatu genuen bazkaria zure-tzat. Ondo bazkaldu al zenuen? Agian nahiago izan zenuen etxetik ekartzea eta lasai lasai lagun artean bazkaltzea. Horrela egin bazenuen, kafe ona hartu al zenuen?
Hainbeste galdera egin ondoren, ordua izango da gure egun horretako sentipenak agerian jartzeko. Guk bai, aitortzen dizugu, egun ederra pasa genuela zure ondoan. Milaka miruren bueltan oso gustura sentitu ginen. Alaitasun eta kolorez bete zenuten gure herria. Ez hori bakarrik, baita ondo zaindu eta txukun txukun utzi ere. Bejondeizula!
"lehen txiki ginenok
ia handi gara
askoz handiago
zu batzen bazara"
Esaten zuen abestiaren estribilo edo errepikak. Zer esango dizugu bada zuri, kontua ez da txiki edo handi izatea, ez gara bizi handi izatearen desioan. Lehen txiki ginenok orain ere txiki gara, baina nor izan nahi dugu. Horixe da ekainaren 13an zuri esan nahi genizuna.
Zuri jakinarazteko eta bide batez Altzoko etorkizuna lantzeko, elkartu ginen herri osoa, oraingoak eta iraganekoak. Zertara etorri ziren bada Altzoko Erraldoai, Imaz Bertsolaria, Pello Errota, Asteasuko Itsua, Artzaun eta Txanbolin?
"Zu batzen bazara" aurrez ere ziur geunden eta zer esango dizugu ba amaieran zuri, izan laguntzaile, babesle, komunikabide ezberdineko ordezkari, udaletxe, eskola txikitako ordezkari, irakasle, guraso, ikasle, aitona, amona....eguna fresko antzekoa izanik ere, gertu gertuan sentitu genuela zure epela. Mila esker zuri!
Mikel Olano
Batzorde Iraunkorraren izenean