Gure zentzu komunean unibertsitatea oraindik mantentzen da profesionalizazio ikasketak egiteko zentro nagusi gisa. Baina EAEn, Lanbide Heziketan matrikulatzen diren ikasleen kopuruak urtez urte gora egiten du. Momentuz ezin dugu ezagutu 2022/2023 ikasturtean Lanbide Heziketak eskaintzen dituen modalitate ezberdinetan graduatu diren ikasleen kopurua, baina Eustat-ek argitaratutako datuen arabera, 2021/22 ikasturtean 4.746 pertsonek ikasi zuten oinarrizko lanbide heziketa, 16.289 erdi-mailako lanbide-heziketa eta 23.749 goi-mailako lanbide-heziketa. EAEko unibertsitateetan, berriz, 58.998 ikasle egon ziren 2021/22 ikasturtean.

Datuak ez ezik, arrazoi ezberdinak daude lanbide heziketa hautatzeko: “Arrazoia profesionala izan ahal da, gaur egun lanbide-heziketak hobeto bideratzen zaituelako lan mundura, edota akademikoak, onartu behar delako ikasle profil batzuek ez dituztela betetzen unibertsitatera joateko zenbait baldintza”, dio Oihane Martínezek. Martínez duela 23 urte orientatzailea da irakaskuntza publikoan. Pedagogoa da ikasketaz, eta aurretik esandako esaldia zehazteko beharra ikusten du: “Ikasle batzuk unibertsitatera joateko prest ez daudela esaten dudanean, ez dut ulertarazi nahi batzuk besteak baino azkarragoak edo lan egiteko gaitasun handiagoak dituztela”. Bere hitzetan, garrantzitsua da burutik kentzea unibertsitatea eta lanbide-heziketaren artean dagoen bertikaltasuna: “Bata ez da bestea baino hobeto, eta lanbide-heziketa ez dago diseinatuta edonork gainditu ahal izateko”. Hala ere, nahiz eta bere ustetan, maila akademikoa ez den eztabaidagai bien arteko konparaketan, bai daude “begi-bistakoak” diren ezberdintasunak, besteak beste, “lanbide-heziketak erreferentzia egiten dio bere izenari, oso praktikoa da, eta bilatzen ditu ikaslearen gaitasunak profesionalizatzea, lan-mundura adaptatzea. Unibertsitatearen kasuan, berriz, irakasten dena teorikoagoa da, nahiz eta esfortzu handia egiten ari den unibertsitatetatik graduak praktikoagoak izateko”.

Unibertsitatea eta lanbide-heziketa konbinatzea

Martin Ostolaza unibertsitatetik eta lanbide-heziketatik pasatu den ikaslea da, eta gaur egun, komunikazio departamentu baten egiten du lan, ibilgailuak komertzializatzen dituen enpresa batean: “Komunikazioa eta marketing-a ikasi nuen lanbide-heziketan, eta bukatu nuen momentutik ari naiz lanean”. Nahiz eta lana azkar aurkitu, unibertsitatera joateko nahia izan zuen, eta lanbide-heziketa bukatu eta 2 urte beranduago, Publizitatea eta Harreman Publikoak Gradua ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean: “Lanbide-heziketa ikasten duzunean, eta unibertsitatean zure arloko ikasketak badaude, jakin behar duzu soldata muga bat izango duzula beti, eta ez duzula graduatu bat bezala kobratuko. Gutxienez, lehenengo urteetan”. 

Ostolazarentzat hori izan zen unibertsitatera joateko arrazoi nagusia. Ikasitako edukiari buruz galdetzen badiogu, argi dauka: “Lanbide-heziketako edukia askoz anitzagoa eta baliagarriagoa da lan-mundurako. Posible izango balitz, luzeagoa egingo nuke lanbide-heziketa”. Bere ustetan, unibertsitatera joateko erabakia egokia izan zen: “Unibertsitatera heldu nintzen jakintza praktiko batekin, eta Leioako fakultatean jakintza praktiko hori oinarri teoriko baten sostengatu ahal izateko baliabideak aurkitu nituen”. Hala ere, onartzen du unibertsitatera soilik joatea, jakinda ikasketen maila praktikoa, ez dela ez bere interesetara, ezta lan-merkatuaren interesetara ajustatzen. 

Maite Berganza zarauztarrak komunikazioa ikasi zuen ere, baina bakarrik unibertsitatean, eta bat egiten du Ostolazak esandakoarekin: “Unibertsitatean ikasi ahal duzun karreren artean, kazetaritza gradua langabezia-tasa altuena duen graduetako bat da”. Datuen arabera, kazetaritza graduko langabezia-tasa %11,3koa izan da aurten. Altuenetarikoa, baina murriztu da azkeneko urteetan.

Berganzak lan egiten du, baina ez ikasitakoa praktikan jarriz. 2018an bukatu zituen graduko ikasketak eta langabezian egon zen 2021era arte: “Tabernetan egiten nuen lan, baina aldizkako lanak ziren, beraz, egonkortasun-maila bat eskaintzen ez zidatenez, beti langabezian egon naizela esaten dut, ez dudalako ezta kontraturik izan”. 2021ean administrazio arloko lanbide-heziketako ikasketak hasi zituen eta urte horretan praktikak egin zituen tokian lana aurkitu zuen: “Ekainean bukatu nuen, eta nahiz eta udan lan egiteko aukera ukatu zidaten, irailean deitu zidaten berriz lanean hasteko mugagabeko kontratu batekin”.

Mekanizazioaren sektorea, arrakastatsuena

Mirene Altunak, Peio Sánchezek eta Urko Martínezek klase berdinean ikasi zuten lanbide-heziketa, “mekanizazioko teknikaria” deitutako bi urteko zikloa. Hirurek azaltzen duten bezala, DUAL deituriko modalitateari esker, lanean hasteko aukera aurkitu zuten: “DUAL modalitateak institutu barruan ematen diren klase teorikoak eta tailer batean jaso ahal duzun esperientzia praktikoa konbinatzen du”. Klasera joaten ziren bitartean, bakoitzak tailer bat aukeratu zuen, eta gaur egun, hirurek lan egiten dute aukeratutakoan.

Peio Sánchezek “aukera errentagarria” bezala deskribatzen du modalitate hau: “Nik ez neukan esperientziarik, 18 urterekin heldu nintzen goi-mailako lanbide-heziketara eta informazioa jaso ondoren, DUAL modalitatea aukeratu nuen”. Hartutako erabakiari esker, irailean hasi zen klase teorikoekin eta urria amaieran tailerreko praktikekin: “Egia da ez dituzula praktikak kobratzen, gutxienez nire kasuan, baina uda heldu zenean, tailerrean jarraitzeko aukera eskaini zidaten eta uda horretatik lanean nago ikasi dudan sektorean”.

Praktikei esker, ikasle gehienek lana aurkitu dute. Europa Press

Datuen arabera, mekanizazio sektoreko ikasketek arrakastatsuenak dira. Sektore honi jarraituz, teknologiazko ikasketek ere ikasle multzo handia batzen dute. Hirugarren postuan, administrazio sektorekoak kokatzen dira.

Lanbide-heziketaren mugak 

Imanol Grijalba lan-merkatuan aditua den ekonomialaria da, eta bere hitzetan, “lan aukera bat izateko gakoa lanbide-heziketan dago”. Hori bai, zenbait faktore zehaztu behar direla dio: “Lan prekarizatuagoak dira, eta fisikoagoak diren heinean, lan arriskua handiagoa da”. Azkeneko urteetan lanbide-heziketan zentratu ditu bere ikerketak. Heziketa mota honen bidea aukeratzen dutenen artean, langabezia gutxiago dagoela dio, “baina soldatak eta lan-baldintzak kaskarragoak dira”.

Grijalbaren hitzetan, teknologian aurkitu ahal da adibide egoki bat. Graduatu den informatiko bat beti izango da informatika taldeko arduraduna, eta enpresan bere lan-taldean beti egongo dira lanbide-heziketatik ateratako profesionalak: “Arduraduna izateko, gradua eskatuko dizute, eta esperientzia, noski. Oso arraroa izango da lanbide-heziketako norbait arduradun hori izatera heltzea”. Imanol Grijalbak esaten duen bezala, lan-merkatuak gizarteak duen mekanismoa berdina dauka: “Klaseak daude, eta nahiz eta lanbide-heziketa aukera on bat bihurtu den gaur egungo lan-merkatuaren egoera ikusita, bere mugak ditu”.

43 urte izanda, lanbide-heziketa irteera bat aurkitzea

Alberto Molinak lanbide-heziketan bere kaleratzea eta gero lan-merkatura sartzeko aukera aurkitu zuen. 43 urte zituen lan egiten zuen enpresak itxi zuenean. Momentu horretan, izan zituen arazo psikologikoak behin gainditu zituenean, lan-merkatura berriz sartzeko beharra ikusi zuen: “Bi seme nituen, etxean 4 ginen nire emaztearekin, eta bere soldatarekin ez zen nahikoa. Beraz, lanbide-heziketara sartzeko beharra ikusi nuen”. Betidanik sektore teknologikora lotuta egon da Molinaren karrera, informatika ikasi duelako. Lanbide-heziketan espezializatzeko aukera ikusi zuen eta “zibersegurtasunarekin lotura zeukan goi-mailako lanbide-heziketa” egin zuen.

Gakoa, bere hitzetan, ikasketa hauek eskaintzen dituzten praktikak dira: “Lehenengo momentutik, ikasketa prozesua oso praktikoa da, eta oso erraza da enpresa batean praktikak egiteko momentua heltzen denean ondo egitea eta profil egokia izatea”. Bere ustez, gradu mailako ikasketak izateak lagundu zion, baina gaur egun enpresa baten egoteko aukera aurkitu badu, lanbide-heziketagatik dela dio: “43 urterekin oso zaila da lan bat aurkitzea, enpresek oso gutxitan ematen diote aukera bat nire adineko pertsona bati”. Hala ere, praktikekin dohainik egon zen lanean bi hilabetez eta bere gaitasunak erakusteko aukera izan zuen: “Aukera horri esker lortu dut gaur egun berriz lan-merkatuan sartzea, eta nahiz eta gaur egun praktikak egin nituen enpresan ez egon, lanean nago eta aukera izan dut praktikak egin eta gero nire lan-baldintzak hobetzeko”.

Esperientziak anitzak dira, eta askotariko profilak dira lanbide-heziketa bide bat aurkitzen dutenak, baina kasu gehienetan, denek bat egiten dute lanbide-heziketaren arrakasta identifikatu behar dutenean: Alde batetik, klase beren praktikotasuna, eta beste alde batetik, lan-mundura sartzeko eskaintzen den praktika epea benetako enpresa batean.