Taiwan eskala handiko ariketa militarrak prestatzen ari da, “gidoirik gabeko” borroka-simulazioak eta gaueko jarduerak barne. Bitartean, Txinaren mehatxua gero eta handiagoa da, azken hilabeteetan uhartearen gaineko presio militarra nabarmen areagotu duelako.

Uztailaren 22tik 26ra bitartean egitekoak diren maniobra militar horiek Taiwango uharte nagusian zein bertako artxipelago periferikoetan burutuko dituzte, eta Indar Armatuetako hiru adar nagusiek parte hartuko dute.

Taipeiren eta Pekinen arteko tentsio-giro beroan garatuko dira maniobrak: William Lai Taiwango presidente berria “sezesionista eta istilu-sortzailea” dela dio Txinako gobernuak, eta 2016. urtetik hona etenda dauden uharteko agintariekin elkarrizketa ofizialari ekin beharrean, Taiwanen aurkako mehatxuen tonua areagotu egin du. Ariketa militar horiek urtero egiten dituzte 1984az geroztik, Taiwango tropek Txinaren balizko inbasio baten aurrean erantzuteko duten gaitasuna frogatzeko. Izan ere, 1949az geroztik autogobernua duen herrialde hori, “probintzia matxinotzat” jotzen baitute Txinako buruzagiek.

Aurtengo maniobrak leku estrategikoetan egingo dituzte, batez ere funtsezko azpiegituretatik gertu, besteak beste, Taoyuango nazioarteko aireportuan eta Taipeiko aireportuan, Tamsui ibaiaren estuarioan, Tainango portuan eta Yong ‘an gas natural likidotuaren terminalaren inguruan.

Taiwango itsasartean sumatzen den Txinaren etsaitasun gero eta handiagoari erantzun nahi diote Han Kuang ariketa horiekin: joan den maiatzaren 20an William Laik kargua hartu zuenetik, Taiwango Gobernuak 1.129 aireontzi txinatar antzeman ditu uhartearen inguruan, tartean gerra-hegazkinak, bonbardatzaileak, droneak eta borrokarako helikopteroak; horietako 800ek itsasarteko muga zeharkatu edota Taiwango Aire Defentsarako Identifikazio Eremua urratu zuten.

Inbasioa 2027an

Taiwango presidente berriak hainbat aldiz eskaini dio elkarrizketa Txinari, Txinako Herri Errepublika eta Txinako Errepublika (Taiwanen izen ofiziala) “elkarren menpe ez daudelako”. Pekinek erabat arbuiatzen du planteamendu hori, beraien iritziz kontinentearen eta uhartearen arteko “bateratzea, joera historiko geldiezina” delako.

Giroa berotu ahala, 2027an, Askapenerako Herri Armadaren mendeurrenarekin batera, Txina Taiwan inbaditzeko prest egon daitekeela dioten zurrumurruak zabaltzen ari dira, tentsioa bizitu eta bi aldeen eta nazioarteko komunitatearen urduritasuna agerian utzirik. “Taiwango gizartea beldurtzeko helburua duten gerra-taktika kognitiboak dira”, salatu zuen atzo Uharteko Atzerri ministro berriak, Lin Chia-lungek.

“2021ean Txinako Alderdi Komunistaren sorreraren mendeurrena izan zen, 2049an Txinako Herri Errepublikaren mendeurrena izango da, eta 2027an Askapenerako Herri Armadaren sorreraren mendeurrena ere bai. Denbora eta ospakizun horiek gure etorkizuna baldintzatzeko erabiltzen direla esango nuke, eta arretaz begiratu beharko genituzke; ez gara ordea beldur izango, eta ez gaituzte baldintzatuko”, ziurtatu zuen Linek nazioarteko komunikabideen aurrean eskainitako lehen prentsaurrekoan.

Taiwango buruzagiaren esanetan, nazioartean “gerra-kognitiboko ekintzak burutzeko” baliatzen ditu Txinak data jakin horiek, “herrialde ilun eta diktatoriala” dela aprobetxatuz, bere presidente Xi Jinpingek, “erabateko boterea duelako”.

Txinako gerra zibila 1949an amaitu zen, gatazka galdu zuten indar nazionalistek Taiwanera ihes egin zutenean. Garaipena lortu arren, komunistek ez zuten uhartearekin banatzen dituen itsasartea zeharkatu eta historikoki txinatarra zen lurraldea konkistatzeko ahalmenik izan. Sekula ez dute Taiwan menperatu, eta harrez gero dabiltza biak ala biak, nazioarte mailan benetako Txinaren estatus ofiziala nork eskuratuko lehian.