Errusiak beraien arteko erlazio ekaiztsuetan tentsio fase berri bat piztu izana leporatu zion atzo NATOri, mendebaldeko armamentua erabiliz Errusiar lurraldeko jomugen kontrako Ukrainaren erasoen aldeko jarrera adierazi zuelakoan, aliatuen blokean erabaki horrekiko erabateko adostasunik ez egon arren.
“Azken egun eta asteotan NATOko kideak, bereziki Estatu Batuak eta Europako beste herrialde batzuk, tentsioa suspertzearen fase berri batean murgildu dira. Eta modu kontzientean egin dute”, adierazi zuen Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak bere eguneroko prentsaurrekoan.
Ukrania
Ameriketako Estatu Batuek eta Alemaniak ez dute oraindik baimenik eman Errusiaren aurkako Ukrainaren operazioetan euren armamentua erabiltzeko, baina Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia Kievi argi berdea ematearen alde mintzatu zen, eta Frantziak aste honetan bertan egin du bat deialdi horrekin.
Volodímir Zelenski Ukrainako presidentearen ustez “ez da bidezkoa”, Errusiaren erasoei erantzuteko Kievek mendebaldeko armamentua ezin erabili izatea; Alexander De Croo Belgikako lehen ministroak aste honetan bertan garbi esan zion, ordea, Kievi luzatuko dizkion F-16 borroka-hegazkinak ezingo dituztela aldameneko herrialdean erabili.
“Adierazpen beldurgarri asko entzuten ari gara”, salatu zuen Peskovek, eta biziki deitoratu zuen NATOk “joera negatibo horri eustea”.
“Adierazpen beldurgarri asko entzuten ari gara”
Gerra zentzugabea
Kremlinaren iritziz, “gerra zentzugabe hau luzatzearen aldeko jarrera hartu dute aliatuek. Beraiek ere gure aurkako gerrarekin jarraitzeko asmoa dute, gerra hitzaren zentzu zuzenean zein figuratuan”, berretsi zuen.
Peskovek ohartarazpen argia egin zuen: “jarrera horrek ondorioak izango ditu ezinbestean, eta, azkenean, kalte handia ekarriko die tentsioa igotzearen aldeko erabakia hartu duten herrialdeei”. Vladimir Putin Errusiako presidenteak berak mehatxatu zuen Europa asteartean, NATOk eraso horiek baimenduz gero, bere segurtasunean “ondorio larriak” ekarriko zituela esanez.
“NATOko herrialdeetako ordezkari horiek, bereziki Europakoek eta herrialde txikietakoek, presente izan beharko lukete zer dagoen jokoan. Gogoan izan beharko lukete, oro har, lurralde txikiak dituzten estatuak direla, eta biztanle asko dituztenak”, esan zuen.
Uzbekistanera egindako bisitan adierazi zuen Putinek, doitasun handiko eta irismen luzeko armamentu hori, sateliteen laguntzarekin eta NATOko espezialistek eskainitako hegaldi-jarraibideekin soilik erabil daitekeela.
“Etengabeko tentsio-igoera horrek ondorio larriak ekar ditzake, eta ondorio larri horiek Europan nabarmentzen badira, nola erreakzionatuko dute Estatu Batuek?; gatazka global bat nahi al duzue? ” esan zuen.
¿Gerra global bat?
AEB hausnartzen Antony Blinken AEBko Estatu idazkariak ezbairik gabe ziurtatu zuen asteazkenean Moldavian, Estatu Batuek ez zutela “Ukrainatik kanpoko erasorik onartu edota bultzatu”. Jarraian gaineratu zuen, ordea, “Ukrainak berak erabaki beharko du bere burua defendatzeko modurik eraginkorrena zein den”, eta Washingtonen jarrera, “gudu-zelaiko baldintza aldakorretara egokitzearen aldekoa” dela.
Estatu Batuetako prentsak iradoki duenez, Joe Biden AEBko presidentea sakon hausnartzen ari omen da zer egin, Errusiak Kharkov ipar-ekialdean egin dituen aurrerapenak ikusita. Hala eta guztiz ere, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak esan bezala, Washingtonek ere, bere armamentua soilik helburu militarren aurka (radarrak eta misil sistemak) erabiltzea baimenduko omen luke, inolaz ere ez helburu zibilen kontra.
Gai horren harira honakoa adierazi zuen Leonid Slutski diputatuen ganbera den Dumako Nazioarteko Gaietarako Batzordeko buruak: “Washingtonek ez du eskalada prozesuaren buru izateko asmorik, gatazka global batera eta Hirugarren Mundu Gerrara pasatzeko arriskuaren erantzukizuna ez duelako bere gain hartu nahi”.
"Washingtonek ez du eskalada prozesuaren buru izateko asmorik"
“Oraingoz, bederen”, berretsi zuen. Bere esanetan, Frantzia, Erresuma Batua, Polonia, herrialde baltikoak eta eskandinaviarrak “oldartu egin ziren”, Kievek mendebaldeko armamentua “egoki deritzon moduan” erabiltzeko zuen “eskubidea” aldarrikatu zutenean.
Errusiako Kanpo Espioitza Zerbi-tzuaren (SVR) arabera, AEBko Estatu Departamendua informazio-kanpaina bat prestatzen ari omen da, “Errusiaren mehatxuaren larritasunaz” eszeptiko direnak konbentzi-tzeko. Kanpainaren helburua, NATOko kide berri diren Finlandia eta Suedia, Errusiaren “lurralde-nahikundearen” arriskuari buruz konben-tzitzea izango litzateke, ez bakarrik Ukrainan, baita Baltikoko itsasoan ere, non Errusiako Defentsa Ministerioak muga berrikustea proposatu zuen.