Egoera uste baino errazagoa da. Beste kontu bat da desatsegina bazaigu, onartzen jakitea. Eta onargarria ez denez, zaila dela argudiatu eta burua lur azpian sartzea. Hurrengora arte. Europar asko, oreka barregarriak egiten hasi dira. Egoera uste baino errazagoa da: Estatu Batuek Nicolás Maduro erditik kendu nahi zuten. Eta kendu dute. Arazo eta zailtasunik gabe: hainbat militar bidali, Maduro eta emaztea hegazkin batean sartu eta akabo. Venezuelak erasoa sahiesteko erakutsi dituen defentsa eta inteligentzia ikusita, ez gara sartuko Errusiak (ah, lagun hori!) Trumpi egiten utzi dion edo ez. Eta Venezuelatik adostasun edo laguntzarik egon den. Estatu Batuetako barne arazoetan ere ez gara sartuko: abendu amaieran, YouGov-ek argitaratu zuen inkestaren arabera, %74ak Kongresuaren onespena eskatzen zion Trumpi Venezuelan ezer egin baino lehen. Bost estatubatuarretik bakar batek babesten zuen esku-hartze militarra. Errepublikarren erdiak baino gutxiago. Eta hala ere, Trumpek aurrera egin du, bere herriaren gainetik, hainbat agintariren txaloren artean. Etsaia edozein moduan kentzea justifikatzen dutenak. Makiavelo ("helburuak bitartekoak justifikatzen ditu"), harro; Zuzenbide estatua, hilotz. NBEko idazkari nagusi António Guterresek “aurrekari arriskutsutzat” jo du gertatutakoa.Maduro baino madurozaleagoak direnak, operazioarekin haserre. Machado baino machadistagoak direnak, ere bai, kontuan hartuta erregimenak dirauela. Mundua horrela eraikitzen da. Edo birrindu. Zertan gauden jabetzeko ordua bada.