Síguenos en redes sociales:

Juanma Molinero

Adjunto a la dirección

Duela ia bi urte...

Hemen ari naiz, beraz, 270 hitz kateatzen saiatzen, nire euskarazko lehenengo erredakzio-mahaia idazteko

Duela ia bi urte...N.G

Duela ia bi urte, Bortzirietako IKA Euskaltegitik deitu zidaten. Uda guztietan, ikasturtea hasi aitzinetik kanpaina bat egiten dute jendea euskara ikastera animatzeko.

Bi urte neramatzan euskara ikasten eta haiek pentsatu zuten ni kanpaina hartan egokitzen ahal nintzela. Profil profesionalak bilatzen ari ziren eta, kazetaria naizenez, kanpainan agertzea ideia ona zen. Normalean, ez dakit proposamen bati ezetz erraten.

Argazkiak eta irudiak ez zaizkit gustatzen, oso lotsatia bainaiz kamera aurrean, baina, tira, baietz erran nuen. Bideoa filmatu zen egunean, egunkari eta aldizkari batzuk eraman nituen, eta eszenak grabatzeko, alde batetik bestera mugitu ninduten.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateko arduradun batek galdera batzuk egin zizkidan eta nik, segur aski pentsatu gabe, erantzun nuen: “Nire egunkarian erredakzio-mahai bat idaztea da dudan helburua. Ostiralero erredakzio-mahaia idazten dut, eta ea egun batean euskaraz bat idazten dudan”.

Hemen ari naiz, beraz, 270 hitz kateatzen saiatzen, nire euskarazko lehenengo erredakzio-mahaia idazteko. Ez dakit zenbat idazlan egin ditudan azken urteotan, baina hau zailena izan da. Nire IKAko irakasleak pazientzia aparta du, batez ere, ergatiboarekin.

“Kamiseta bat oparituko dizut Super K leloarekin”, esaten dit askotan. Espero dut k guztiak ongi izatea, eta ea argitaratzen dudan lehenengo euskarazko testu honen ondotik anitzez gehiago ailegatzen diren.