Euskarafobia ari du, barra-barra. Ur hotzetan eta itolarrian gaudela, eltzea sutan jarri dute, emeki-emeki, egosten garen bitartean. Euskarafobia ari du Kutxabankeko zuzendariak, kanpo-talentua erakartzeko garaian, euskara oztopoa besterik ez dela dionean. Euskarafobia ari du 28 urteren ostean euskara ikasi nahi izan ez duen sare publikoko frantseseko irakasle baten diskurtsoan. Euskarafobia ari du sindikatuek euskara eskakizunak lanpostuen baldintzen atzetik jartzen dituztenean. Euskarafobia ari du sindikatu horiek euskara auzitegietara eramaten dutenean eta, are gehiago, auzitegiek euskararen aurkako epaiak sinatzen dituztenean. Euskarafobia ari du, hizkuntza zapaldua izanik ere, “inposizio” bat dela diotenean. Euskarafobia ari du ikastolek egindako ekarpena ezbaian jartzen denean. Euskarafobia ari du Eusko Jaurlaritzako sailburuek euskaraz ez dakitenean. Euskarafobia ari du bere buruak euskalduntzat dituzten alderdi politikoek euskararekiko interesik ez duten hautagaiak erakundeetara bidaltzen dituztenean. Euskarafobia ari du telebista kate publikoan euskara kultur arloan bakarrik balekoa dela dioten iritzi-emaileek behar bezalako erantzunik jasotzen ez dutenean. Euskarafobia ari du euskaldun batek beste bati bere euskara inposatzen diola egozten dioenean. Euskarafobia ari du euskara dakitenak pribilegiatuak direla dioten horietan. Euskarafobia ari du euskarafobiari euskarafobia deitzen ez diogunean.