Turismo uholdeak kaleetan, momentu aproposa nondik gatozen gogoratzeko. Duela mende bat ere, turista asko genituen gurean. Eurei gure usadioak erakusteko —eta euren egonaldiak luzatu zezaten, je!—, euskal jaiak sortu zituzten. Egun, Gipuzkoa hari askok zeharkatzen dute. Ikusten ditugunak baino gehiago. Ikusi nahi ditugunak baino gehiago. Euskal jaiena horietako bat da. Donostiak ospatzen ditu bereak, baita Ordiziak ere. Irungo gizarteak nekez eusten dio bere euskal jaiei erromatar jai berriak puzten diren bitartean, eta Zarautzen mendeurrena bete dute astelehen honetan. Jatorrizko Euskal Jaien kontzeptua aldatuta. Festa aitzaki paregabea da karroza edo gurdi ederrak eraiki eta euskal oihalak janzteko. (Ongi bilatzen badugu, gure kulturan Instagramen tendentzia bihurtzeko arropa oso ederrak ditugu). Jaia pasata, arropa kendu, biluztu, eta zer garen pentsatzeko. Non gauden eta non egon nahi dugun. Nondik gatozen jakin gabe, ezin jakin nora joan nahi. Urtero Euskal Jaiak iritsiko dira pozaren pozaz, baina heldu garenean zer izan nahi dugun jakin ezean, norbaitek eramango gaitu ez dakigu nora. Agertoki okerrenean, mende bat barru bisitarientzako Euskal Jaiak ospatzen jarraituko dugu egunerokoan euskaldunak izan gabe. Port Aventurako Polinesia edo Far West bezala.