Iker Vicentek historia egin dezake ostiral honetan Donezteben (18:00etan). Otsagabiakoak Nafarroako Txapelketan titulu gehien dituen aizkolaria izan nahi du, Mikel Mindegia bezalako kirol honetako mito baten hamar txapelak gaindituzVicente, duela aste batzuk Euskal Herriko Txapelketa laugarren aldiz irabazi zuena, faborito bakarra da Oier Kañamares, Julen Kañamares, Txomin Amundarain eta Ibai Soroaren aurka irabazteko.

Parte-hartzaile bakoitzak lau kanaerdiko, 60 hazbeteko lau enbor eta bi oinbiko ebaki beharko ditu.

Vicentek hamar garaipen jarraian lortu ditu, eta Mindegiak, berriz, hamar titulu 1982 eta 2006 artean.

Bigarren maila

Arkaitz Etxebestek, Xuban Kañamaresek eta Jesus Mari Mujikak bigarren mailako Euskal Herriko Txapelketako finala jokatzeko txartela lortu zuten asteartean. Ibai Soro, Ugaitz Mugerza eta Eneko Saralegi izango ditu aurkari hilaren 23an, Etxebarrian (Bizkaia).

Igeldoko aizkolariak hiru kanaerdiko, 60 hazbeteko enbor bat eta oinbiko bat ebaki zituen hamalau minutu eta 29 segundoan. Xuban Kañamaresek 17:39an gelditu zuen kronometroa eta Jesus Mari Mujikak 18:14an. Finaletik kanpo geratu ziren Aritz Irazabal (20:12), Beñat Lekue (20:14) eta Yulen Aramberri (20:48).

Harri-jasotzaileak

Harri handietako Gipuzkoako Txapelketa hirukoa izango da. Jokin Eizmendi -2021eko eta 2024ko txapelduna-, Aimar Galarraga eta Gari Garmendia izango dira nor baino nor larunbat honetan Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan (18:00etan).

Parte-hartzaileek bi minutuko txanda bana izango dute 175 edo 200 kiloko harri angeluzuzena, 175 edo 200 kiloko zilindroa, 150 kiloko kuboa eta 125 kiloko esferaren ahalik eta altxaldi gehien lortzeko.