Donostiako Trinitate Plazan Igeldoko Harria eta Uliako Harria probak jokatuko dira astelehen honetan arratsaldean(18.30ean).
Gizonezkoen txapelketan, hamaika harri-jasotzailek egingo diote aurre Igeldoko Harria altxatzearen erronkari. 135 kiloko harri irregularra altxatzeko, indarra eta abilezia, biak izaten dira ezinbestekoak.
Garaipena lortzeko faborito nagusiak Jokin Eizmendi (zazpi aldiz garaile) eta Mikel Lopetegi (Urra) izango dira. Aurreko urteko edizioan Urra nagusitu zitzaion Eizmendiri, eta dagoeneko beste bi ediziotan garaile izandakoa da. Eta Paulo Azpiazu ere kontuan hartu beharreko harri-jasotzailea da, azkenaldian oso emaitza onak lortzen ari baita.
Bestalde, ezin jakin Ryan Richard Stewart estatubaturra zer egiteko gauza izango den. Martins Licisen pausoak jarraituz, harri-jasotzean interes handia erakutsi du eta txapelketako bitxikeria deigarriena izango da.
Gainerako parte-hartzaileak Aimar Galarraga, Beñat Telleria, Gorka Etxeberria, Imanol Royo, Iñigo Eizagirre, Xabat Olaizola eta Alex Merlo izango dira.
Igeldoko Harria proba 1992an hasi zen jokatzen. Juan Jose Unanue Goenatxok dauka garaipen errekorra, hamaika aldiz irabazita, eta edizio bateko jasoaldi kopururik handiena ere berak lortu zuen 19 jasoaldirekin.
Uliako Harria
Emakumezkoen txapelketan, zortzi parte-hartzailek helduko diote Uliako Harriari; hori ere, harri irregularra da eta 70 kiloko pisua du. Bigarrenez jokatuko da Trinitate Plazan, Igeldoko Harriarekin batera.
Iaz 16 jasoaldirekin nagusitu zen Karmele Gisasola berriz irabazten saiatuko da. Aurkariak honako hauek izango dira: Ainitze Zumeta, Ane Zinkunegi, Aroa Sanche, Lierni Osa, Lur Errekondo, Olaia Esnaola eta Udane Ostolaza.
Bihar, agertoki berean, aizkolarien Urrezko Kopa jokatuko da (19.30ean).