- Jakin Fundazioak, besteak beste, Miren Etxabe idazle zarauztarraren zortzi obra (bi liburu eta sei artikulu) digitalizatu ditu. Emakume Abertzale Batzaren mendeurrenean bederatzi kideren obrak eta elkarteari buruzko hainbat lan gehitu dituzte www.jakin.eus webgunean.

Fundazioak bederatzi emakumeen 1.292 lan digitalizatu ditu eta koordinatzaile lanak Xabier Eizagirre zarauztarrak egin ditu. Egileak Julene Azpeitia, Errose Bustintza, Karmele Errazti, Miren Etxabe, Julia Fernandez, Tene Muxika, Polixene Trabudua, Sorne Untzueta eta Elbira Zipitria dira.

Miren Etxabe 1903. urtean jaio zen Zarautzen eta bere lan eremu nagusia kulturgintza izan zen. Lehenengo pausoak antzerkian eman zituen obrak itzultzen. Horrez gain, gerraurrean egin ohi ziren euskarazko ekitaldi mota gehienetan agertzen da eta oso gazte zela, Euskal Haien eragile ere izan zen. Gainera, artikulugile gisa ere ibili zen El Día egunkarian.

Euskarazko kultur mugimenduan oso aktiboa izan zen eta garaiko talde euskaltzaleekin lankidetzan aritu zen. 1930ean Zarautzen egin zen lehenengo Andereño Idazle Batzarrean irekiera hitzaldia eman zuen, Ander Arzelus Luzear idazlearekin eta Policarpo Barrena Gipuzko Buru Batzarreko lehendakariarekin batera.

Bere hitzaldi eta artikuluetan sarritan hitz egiten zuen emakumeak gizartean bizi ohi zuen bazterkeriaz. Hala egin zuen El Día egunkariko Euskal Orrian argitaratu zuen Gor ez direnak, entzun bezate artikuluan eta Zorionaren iturria gizonak non du? hitzaldian. Emakumearen gutxiespena borrokatu eta aldi berean aldarri horiek abertzaletasun jeltzalearen baitan kokatzen saiatzen da, Emakume Abertzale Batzako kide asko bezala.

Azken finean, Etxabe Euskal Pizkundeko emakume bat izan zen eta euskarazko kultura indartzeko eta abertzaletasun jeltzalea zabaltzeko egin zuen lan, emakume izatearen kontzientziatik.