Zarautz | Patxi Zubizarreta ordiziarrak irabazi du Lizardi Saria

Bigarren aldiz izan da saritua Zarautzek antolatzen duen lehiaketaren 40. edizioan, 'Zerria' izeneko lanarekin

28.09.2021 | 00:10
Patxi Zubizarreta.
Patxi Zubizarreta. Argazkia: Luis Magan.

" />

zarautz – Patxi Zubizarreta Dorronsoro ordiziarrak irabazi du Zarauzko Udalak antolatu duen Lizardi Sariaren 40. edizioa. Zerria izeneko narrazioa aurkeztu du sariketara eta Castillo Suarez, Kati Olaizola eta Alex Gurrutxagak osatutako epaimahaiak hala erabakita, bera da aurtengo garailea.

Ibilbide luzea dauka Zubizarretak haur eta gazte literaturan eta ez da lehen aldia Lizardi Sariaren garaile bilakatu dela. Hain zuzen, 1991ean jada saritua izan zen Matias Ploff-en erabakiak lanarekin. "Orain dela 20 urte Lizardi Saria bideratu zidan Matias Ploffen erabakiak ipuinean bezala, abentura gogo berberarekin abiatu nin-tzen eta poztasun handia hartu dut berriro ere epaimahaiak lan hau inuksuit (Patxi Zubizarretak bere narrazioan erabiltzen duen kon-tzeptua mugarria adierazteko) eta mugarri izendatu duelako, Lizardi Sariak 40 urte betetzen dituen data seinalatu honetan" azaldu du Patxi Zubirraretak.

Sarituak 5.500 euroko saria jasoko du Zarauzko Udalaren partetik, eta beste 1.000 euro ere bideratuko dira, garailearen lana argitaratzerako garaian, liburuaren ilustra-tzaileari laguntzeko.

Lizardi Sariaren 40. edizioaren sari banaketa larunbat honetan egingo da, Zarautzen, Haur eta Gazte Liburuen Nazioarteko egunarekin bat eginez antolatuko den ekitaldian. Momentuz ez dute iragarri ekitaldia ospatuko den lekua ezta ordua ere.

epaimahaiaren balorazioa Epaimahaiaren hitzetan, "estilistikoki, testu dotorea da Zerria: kapitulu biribilak eta ederki josiak, irudi indartsuak, deskribapen interesgarriak... Eta, hori guztia, idazkera jori bezain gustagarrian emana".

Ildoari jarraiki, literatur maila azpimarragarria duela iritzi dute: "Testuak aukera ematen du askotariko gaiak jorratzeko, interes handia izan dezaketenak 16 urtetik gorako gazteekin lantzeko: glaziarren ikerketa, gorpuen kontserbazioa, Junes Cazenave-Harigileren obra, Kanadako Nenana Ice Classic delakoa, eta abar luzea".

noticias de noticiasdegipuzkoa