- "Azken urteotako egoera ekonomikoak inoiz baino kinka larriagoan jarri du gazteen egoera", eta horregatik, Getariako Udalak herriko gazteei lagundu nahi die etxeetako alokairuaren ordainketan. Lehen aldiz, 20.000 euroko diru partida bat erreserbatu du sustapena egiteko.

Dirulaguntza hori arautuko duen ordenantza diseinatu berri du Udalak. Hala, osoko bilkurak ordenan-tza onartu aurretik herritarren iri-tzia jaso nahi du. Horregatik, araudiari ekarpenak egiteko parte-hartze prozesua jarri du martxan. Ideiak, aldaketak edota iruzkinak emateko epea zabalik izango da uztailaren 15era arte. Gazteei zuzendutako gaia bada ere, edozein herritarrek hartu dezake parte. Udal webgunearen (www.getaria.eus) bitartez egin beharko da, partaidetzako atalean klik eginda.

Momentuz, lehen hastapenak zehaztu dituzte. Getariako Udalaren asmoa da, 18 eta 35 urte bitarteko (biak barne) gazte getariarrei dirulaguntza ematea, bereziki "beraien emantzipazio bidean eta helduen munduan sartzeko prozesuaren baitan".

Gutxienez hamabi hilabetetan izandako alokairu gastua hartuko da kontuan, eta denbora tarte horretan beharrezkoa izango da hainbat baldintza betetzea. Dena den, horien berri aurrerago emango dute.

Dena ondo bidean, laguntza eskaera egiteko epea azaroan zabalduko dute eta ordainketak egiten, berriz, datorren urtarrilean hasiko dira.