Hondarribiko Kultur Etxeak Bordari-Satarka literatur lehiaketaren sari banaketaren ekitaldia hartu zuen atzo, igandea. Ekitaldia Hondarribiko Musika eta Dantza Eskolako ikasle eta irakasleen emanaldiekin girotu zen, eta lehiaketaren irabazleei sariak eta oroigarriak banatu zitzaizkien.
Udalak antolatutako Bordari-Satarka literatur lehiaketak 40 urte bete ditu aurten. Edizio honetan 14 lan aurkeztu dira, baina Pello Otxotekok, Ainara Elizondok, Mikel Arruabarrenak eta Aritz Galarragak osatutako epaimahaiak 13 lanen artean egin du aukeraketa, horietako batek beste lehiaketa batean saria jaso baitzuen.
Bordari eta Satarka sariak
Nobela laburraren atalean, Bordari saria Maitane Arizti Ugarteburuk irabazi du, 'Inork ez nazala horrela ikusi, jainkoarren' lanarekin, Tindaz izenordea erabilita. Bigarren saria Leire Sarasola Auzmendiri eman zaio, 'Bazkalosteko kafeak' lanagatik. Hondarribia Saria, berriz, hutsik geratu da.
Olerkigintzaren alorrean, Satarka saria Amaia Sarasola Auzmendik eskuratu du, 'Izateak' lanari esker. Atal horretako bigarren saria hutsik geratu da, eta Hondarribia Saria Josu Salegi Garatek jaso du, 'Bidasoaren agurrekoak' lanarekin.
Garoa Lekuona Euskara zinegotziak lehiaketaren garrantzia azpimarratu nahi izan du, adieraziz Bordari-Satarka “gure hizkuntzaren ispilu” dela. Haren hitzetan, lehiaketak berrogei urteko ibilbidean gorabeherak izan baditu ere, aurrera jarraitzen du, eta horrek euskararen bizi-indarra erakusten du. Era berean, nabarmendu zuen sariek euskarazko sorkuntza sustatzeko funtzio garrantzitsua betetzen dutela, eta lehiaketak garai berrietara egokitzen jakin duela bere izaera galdu gabe.
Lehikaetara aurkeztutako lanen antologia
Urteurren berezia dela eta, Udalak 2013 eta 2025 artean Bordari-Satarka lehiaketara aurkeztutako lanen antologia argitaratuko du. Azken bilduma 2013koa izan zen, eta antologia berri honek, Lekuonaren esanetan, herriko literatur ondarea ezagutzeko eta balioan jartzeko aukera eskainiko du, baita lehiaketaren helburu nagusietako bat berresteko ere: euskal idazle berriak sortzea eta sustatzea.