- Zumaiako Udalak udal eraikin eta lokalen garbiketa zerbitzua publifikatzeko prozesua abiatu du. Ekaineko ohiko bilkuran onartu zuten EH Bilduren aldeko botoekin; EAJko eta PSE-EEko ordezkariek aurkako botoa eman zuten. "Sektore publikoa indartu, eta azpikontratazioak murriztea" da helburua. Hala, gaur egun azpikontratatuta dagoen enpresako langileak subrogazio bidez udal langile izatera pasako dira irailean.

Orain enpresak dituen lan baldin-tza berdinetan subrogatuko dira, baina Udalaren baitako langileak diren momentuan lan-baldintzak negozia-tzeko prestutasun osoa dutela azpimarratu zuen Iñaki Ostolaza alkateak. Era berean, lan eskaintza publikoaren prozesu bat jarriko dute martxan. Modu honetara, hamabi garbitzaile lanpostu berri sortuko dira Udalaren lanpostuen zerrendan. Horrekin batera, lan-poltsa bat osatuko da langileen baja, opor-egunak eta bestelakoak betetzeko.

EAJ eta PSE-EE alderdiak aurka bozkatu zuten. EAJk azaldu zuen txosten teknikoetan "subjetibotasuna eta sinismenak" daudela tartean. "Oinarri teknikorik gabe hartutako erabakia da: txosten teknikoetan eraginkortasuna eta efizientzia aipatzen bada ere, ez dira kontutan hartzen, esaterako, lan eskaintza publikoa gainditzen ez dutenen kasuan ordaindu beharreko indemnizaziorik", iritzi zuten. Arritxu Marañon PSEko ordezkariaren hitzetan, berriz, lan eskaintzaren inguruko zehaztapenik ez dagoenez, langile horiek lanik gabe gelditzeko arrisku handia dagoela kritikatu zuen.