- Datorren asteazkenetik aurrera. Zumaiako herritarrek 35 euroren truke 50 euroko balioa duten erosketa txartelak erosi ahal izango dituzte. Izan ere, herriko saltokiei beste bultzada bat emateko asmoz, bono kanpaina berri bat jarriko du martxan udalak.

Turismo bulegoan egongo dira eskuragarri, eta bizilagun bakoi-tzak bono bakarra eskuratu ahal izango du. Hori ziurtatzeko, NANa edo identifikazio txartel bat erakutsi beharko da. Uztailaren 31ra bitartean erabili ahal izango dira, kanpainarekin bat egiten duten establezimenduetan.

Zentzu honetan, kanpainara atxikitu nahi duten merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresa txikiek datorren asteartera arte izango dute izena emateko epea. Horretarako, udal webgunean eskuragarri jarri duten eskaera orria bete eta zumaiaelkartea@gmail.com helbidera bidali edo turismo bulegora eraman beharko dute. Argitu dutenez, Gertu elkartekoak ez direnek ere parte hartu ahal izango dute bono sisteman.

Orain arteko ekimenek harrera oso ona eduki dutela azaldu dute Udaletik. Iazko maia-tzean jarri zuten martxan ErrotaHerria kanpaina, pandemiak herriko komertzioetan eragindako kaltea arintzeko sortu zuten. 150.000 euro bideratu zituen kanpainaren baitako bonoetara, herriko establezimenduetan 450.000 eurora arteko inpaktu positiboa sortu zela kalkulatzen du Udalak.

Oraingo honetan, berriz, beste 30.000 euro jarriko dituzte eta aurreikuspenen arabera, herritarren ekarpenekin batera 100.000 euroko eragin ekonomiko zuzena eragitea aurreikusten da.