44.980 Biztanle

Eskualdeko herri nagusia Zarautz da, 23.437 biztanlerekin, eta ondoren datoz Zumaia (9.827), Orio (6.132), Getaria (2.830), Aia (1.985) eta Aizarnazabal (769).

Pandemiak hankaz gora utzi ditu hainbat sektore: ostalaritza, kultura, merkataritza... uela urtebete inork ez zuen pentsatzen egun horrela egongo ginenik", aitortu du Julen Olazabal Zarauzko Kirkilla Enea jatetxeko arduradunak. Dena den, modu batera edo bestera, guztiak egokitu dira gaur egungo egoerara.

Ondo gogoratzen du Olazabalek 2020ko martxo. "Gogorra" izan zen bere hitzetan etxeratze agindua. "Ez genekien jatetxea irekitzeko aukera noiz emango ziguten, ziurgabetasun uneak bizitzea tokatu zitzaigun", aitortu du. Iazko otsailaren amaieran, Repsol etxearen aitorpen gastronomikoa jaso zuten, Repsol Eguzkiarena, eta borrokan jarraitzeko indarrak eman zizkien horrek.

Hala, egoera berrira moldatze aldera, Kirkilla Enea jatetxeak etxera eramateko zerbitzua eskaini du urte hasiera arte. Bere izaera den sukaldaritza tradizionala eta abangoardiakoa errespetatu dituzte orduan ere, baina "karta moldatu" egin behar izan dute.

Kontuak kontu, "normaltasunera" bidean zirenean beste atzerapauso bat jasan dute: Zarautz eremu gorrian sartu da azken astean. Beraz, ostalaritzan mugatu egin da barruko espazioak erabiltzeko ordutegia: 6.30etik 9.30era eta 13.00etatik 16.30era. Terrazetan orain arte bezala kontsumitu ahal izango dute bezeroek: eserita eta lauko taldetan gehienez. Dena den, Zarautz herri turistikoa izanik, herriaren perimetroa ixteak ekarriko dizkie ondorio gehien ostalariei. "Inguruetako herritar asko etortzen dira gure herrira eta Aste Santua ondo joan bada ere, aste zailak biziko ditugu orain".

Guztien itxaropena uda da. Sasoi horretara ahalik eta ondoen iristeko, beharrezkoa da, ordea, eragile ezberdinen arteko laguntza: "Ostalariek zein bezeroek errespetatu behar ditugu osasun neurriak".

Hain zuzen helburu horrekin Zurekin elkartetik hainbat kanpaina jarri dituzte martxan. Azkena, musuko koloretsuena. "Terraza batean esertzerakoan, askotan musukoa kendu egiten dugu eta bertatik joan arte ez dugu berriro jar-tzen. Kanpaina honen helburuetako bat musukoa kontsumitzeko unean bakarrik kendu behar dugula gogoraraztea da", azaldu du Olazabalek. Kontzientziazio lan hau egiteko hainbat hezitzaile koloretako musukoak banatzen ari dira, bezeroei ikusarazteko bakoitzaren erantzukizuna dela norbanakoaren zein inguruko pertsonen osasuna zaintzea.

Kulturan ez dute halako ekimen berezirik egin Zarautzen, baina Modelo aretotik ozen eta argi esan nahi dute kultura kontsumitzea segurua dela. Xabier Amenabarroren Goikus enpresa arduratzen da Modelo aretoaren kudeaketaz. Bete-betean harrapatu die pandemiak. Izan ere, Modelo aretoa berritu ondoren, 2020ko otsailean hartu zuten haren erantzukizuna.

"Egia esan ez dugu ezagutu Modelo aretoaren funtzionamendu normala", azaldu du Amenabarrok, nahiz eta hasieratik erronkari ilusioarekin ekin zioten.

Edonola ere, urtearen bilakaera ikusita "datuak ez dira txarrak". Hainbat ekitaldi antolatu dira eta mugimendua izan dela aitortu du. Zarautzekoarekin batera Beasaingo Usurbe zine aretoaren ardura du Goikus kudeaketak eta zifrak ematerakoan, bertako datuetan oinarritu da: "Nik uste erdira jaitsi dela publikoa Zarautzen".

Zentzu honetan, azken film arrakastasuena zein izan den esaten ausartu da: Santiago Seguraren Padre no hay más que uno. "Herritarrek benetan eskertu zuten eta zifra oso onak lortu zituen Modelok ikus-entzunezko horrekin".

Kanpo arazoak izan dituzte tartean, ordea. Paramount eta Warner bezalako nazioarteko banatzaileak ez dute film berririk atera azken hilabeteetan eta horrek asko mugatu diete eskaintza.

Hein berean, osasun neurriak ez dituzte lagun izan. Sektore guztietan gertatu den bezala, pandemia garaian lan egiteak esfortzu handia eskatzen du, "lan gehiago egin behar dugu, publiko murritzago baten-tzat". Aretoa desinfektatu behar izaten dute ekitaldi baten ostean, etengabe aire berritu behar dute, eta noski, ezin da ez jan ez edan.

Covid-19ak, halaber, eragin zuzena izan du Modelo aretoko ordutegian. Asteburuetan ematen zituzten gaueko saioak kendu dituzte eta, beraz, beste guztiak aurreratu.

Etorkizuna oparoa du, ordea, Modelok eta zinemak Amenabarroren ustez. Alde batetik, Zarautzen Modelo oso maitatua delako eta bestetik, "esperientzia" bat eskaintzen duelako.

Covid-19ak gogor astindu duen beste sektoreetako bat turismoa izan da, baina bada alde positiboari begiratu dionik. Geoparkea kasu. "Itxialdian egon ginen bitartean naturak bere lekua hartu zuen eta espezie berriak azaldu ziren. Argi eta garbi ikusi genuen atsedenaldia behar zutela gure lurrek", dio Geoparkeko gerente Leire Barriusok.

Deskonfinamenduarekin batera, berriz, herritarrak naturaren garran-tziaz ohartarazi dira eta "aire librean egiten diren ekintzak arrakasta asko ari dira izaten".

Horregatik guztiagatik bisitari ugari edukitzen ari da Zumaia, Deba eta Mutriku herriek osatzen duten lur eremua. Hori bai, gerturatzen diren guztiak euskaldunak dira. Barriusok adierazi duenez, azken hilabeteetan "apenas" iritsi da nazioarteko turismoa.

Helburu zehatzik ez dute finkatu aurtengoan, "egoera egunetik egunera aldatzen baita". Alabaina, egitaraua "urte normal bat" izango balitz bezala antolatu dute eta 1.200 bisita gidatutik gora eskainiko dituzte.