- Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek bisita egin zuen atzo Arroa Behera eta Meagara. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak biribilguneak egin ditu Arroa Behean, GI-631 eta N-634 errepideen arteko bidegurutzean, eta Meaga gainean, Getariatik datorren GI-3391 eta Zarauztik Iraetara doan GI-2633 errepidean.

Bidegurutze horietan segurtasuna "nabarmen hobetu" dela azpimarratu zuen Oiarbidek. Arroa Beheko errotondak, aspaldiko eskaera bati erantzun dio. Oiarbideren esanetan, "trafiko handiko gunea da hau". Izan ere, kostako errepideko ibilgailuez gain, AP-8rako trafikoa ere bertatik igarotzen zen. Gainera, "ezkerretara bira egiteko, beste noranzkoan zihoan trafikoa gurutzatzea beharrezkoa zen eta horrek arrisku handia sortzen zuen", azaldu zuen.

Meagakoaren kasuan, kostako errepidea mozten zutenean sortzen ziren arazoak, batez ere, autobus zerbitzuarekin. "Errepide honen ezaugarriak direla eta autobus txikiak erabiltzen dira. Kontua da orain arteko egoeran ezinezkoa zela Meagako gain honetan autobus batetik besterako aldaketak egitea, errepidea gurutzatzeko eta autobusa gelditzeko segurtasun baldintza minimoak ez zirelako betetzen", jakinarazi zuen. Hala, biribilgunea eraki-tzeaz gain, autobusentzako geralekua eta errepidea gurutzatzeko semaforoa jarri dira.

Mikel Arregi eta Haritz Alberdi, Zestoako eta Getariako alkateak ere bertan izan ziren, hurrenez hurren.