- Abenduan zehar herritarrek soberan dituzten era guztietako artikuluak jasotzen dituzte gabonetan Hotz Zarautz elkartearen eskutik errefuxiatuei laguntzeko, eta ondoren bildutakoa salgai jartzen dute "Gabonetako elkartasun azoka" horretan. Pandemiak aurten, ordea, ez du hori ahalbidetzen: "COVID-19aren pandemia dela eta, aurtengo Gabonetan gure azoka ez da beste urte batzuetakoa bezalakoa izango, ezin baitugu jaso ez arroparik, ez bigarren eskuko artikulurik, segurtasun eta higieneagatik", azaldu dute elkartetik.

Horregatik, errefuxiatuen alde lan egiten jarraitzeko, egungo egoerara moldatu behar izan dute. "Donostiako arropa denda batek hainbat beroki oparitu zizkigun lokala itxi behar zutela eta, hau horrela izanik beroki hauek altzariren batekin batera salgai jartzea erabaki dugu, beren egoeragatik inoiz baino okerrago pasatzen ari diren pertsona errefuxiatuei lagun-tzeko, urtero bezala", ziurtatu dute.

Gauzak horrela, denda ostiral honetan irekiko dute. Ipar kalean izango dira, Aizpurua gozotegiaren ondoan, urtarrilaren 5era arte. Goizez zein arratsaldez irekiko da, 11.00etatik 13.30era eta 17.00etatik 20.00etara.

Gabonetako azokaz gain, herritarrek beste bi modutara lagundu dezakete. Espainiako Bankuan pezetak eurotara alda daitezke (txanponak eta billeteak) 2021eko ekainaren 30 baino lehen, baina Hotz Zarautzek pezetak dohaintzan jasoko ditu dendan bertan, pertsona errefuxiatuak laguntzeko proiektuetara bidera-tzeko.

Bestalde, dohaintzak Nafarroako Rural Kutxan ere egin daitezke. Elkartearen kontu korrontea ES73 3008 0181 3437 9030 5027 da.

Antolatu zuten azken ekimena txokolada solidarioa izan zen eta adierazi dutenez, guztira 1.175 euro lortu zituzten, egoera honetan dauden pertsonei laguntzeko.