-Turismoak pisu handia du Getarian. Horregatik, etorkizunera begira turismo estrategia bat definitzea beharrezkotzat jo dute eta hausnarketa prozesua abiatu dute. Atzo ekin zioten erronkari. Getariako turismo sektoreko agenteekin bildu zen Udala. Bertan, egungo errealitate turistikoaren egoeraz hausnartzeko eta aurrera begira erronkak identika-tzeko aukera izan zuten gerturatu zirenek. Bilerara joateko aukerarik izan ez zuten ostalaritzako eta merkataritzako profesionalei, bestalde, galdetegi bat bidali zaie.

Hurrengo hiru bilerak herritarrei eta bertako elkarteentzat irekiak izango dira. Guztiak, Berdura plazan ospatuko dira, arratsaldeko 18.30ean. Egun bakoitzean, ordea, gai ezberdin bat jorratuko da: bihar, erabilera turistikoko etxebizitzen inguruan jardungo dute. Datorren astelehenean, kultur ondarea eta turismoa hartuko dituzte abiapuntu gisa. Hurrengo asteazkenean, berriz, merkataritza eta turismoaren arteko lotura izango dute hizpide.

Parte hartu ahal izateko aurrez izena eman beharko da. Turismo bulegoan bertan egin daiteke hori (Aldamar parkea, 2) edo 943 140 957 telefono zenbakira deituta. Telematikoki, nahiago izanez gero, helbide elektronikoa erraztu dute (infoturismo@getaria.eus).

Prozesu honetan, Bizibiziki enpresa aholkularitza izango da bidelagun. Haritz Alberdi alkateak azaldu zuenez, elkarlanean "turismo jasangarria definitzea da helburua. Turismoaren alde onak eta txarrak identifikatzea eta irtenbideak aurkitzea".