- Orioko Arkupe merkatarien elkarteak, Ginkana antolatu du Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. Bihar jarriko da martxan egitasmoa eta bi astez luzatuko da. Helburua, bertako merkatua sustatzea da eta herritarren ohiturak aldatzea, erosketak herrian bertan egin ditzaten.

Parte hartu ahal izateko, herriko sei saltokietan egin beharko dira erosketak. Bizilagunek lehen erosketa egiterakoan, kartoizko txartel bat jasoko dute eta ondoren, sei zigilutara iritsi beharko da. Osatutakoan nahikoa izango da establezimenduetako batean uztea txartela.

100 euroko lau erosketa-bonu zozketatuko dira parte hartzen dutenen artean. Ekimena urriaren 29an bukatuko da, baina zozketa hurrengo egunean egingo da, ikastola aurreko plazan 20.00etan. Ekitaldia musikaz girotuko da.

Sektore ezberdinetako dendek hartuko dute parte ekimen honetan. Orioko Udalaren webgunean dago ikusgai zerrenda.