- "Eskerrak eman nahi dizkizut herriari emandako altxor handi honengatik. Bistan da Zarautz maite duen batek egin duela hau guztia, Zarautz gai hartuta eta bertako pasarteak jasotzeko, herriarekiko maitasuna behar baita", azaldu zuen Xabier Txurruka alkateak ostegun arratsaldean ospatu zen irekiera ekitaldian. Izan ere, Xanti Iruretagoiena zarauztar argazkilariak Udalari dohaintzan emandako Zarautz eta zarauztarren hainbat argazkiekin Foto XantiBilduma erakusketa ireki dute Sanz Enean.

Iruretagoienak 80.000 negatibo inguruz osatutako bilduma Udalari eskaini zion 2018. urtean. Artxibo horren garrantziaz arduratuta, Photomuseumera bideratua izan zen, lanaren digitalizazioa eta sailkapena egin zezaten. Orain, Zarauzko Udala eta Photomuseum Argazki Zinema museoak elkarlanean, lagin bat jarri dute Sanz Eneako erakusketa gelan.

1978tik 2001. urtera arte jasotako hainbat fotografia daude ikusgai. Herriko hainbat une eta pertsonaia garrantzitsu islatzen dira. Gaur egun ezagutzen ez diren hainbat eraikin eta ondare ere biltzen ditu erakusketa honek.

Martxel Altuna Photomuseumeko arduradunak azaldu zituen bertan jaso duten laginaren ezaugarri guztiak. "Sanz Eneako erakusketa gela, lau aretotan dago sailkatua eta bakoitzari esanahi bat eman nahi izan diogu, ondare guztiari forma emateko". Hala, lehenengoan Iruretagoienaren estudioa hartu dute gaitzat. Beste eremu batean kirola eta antzerkia ere hizpide izan dituzte.

Hauek guztiak eta gehiago ikusteko zarauztarrak gonbidatu nahi dituzte bertara. Azaroaren 1era bitartean izango da ikusgai eta egunero irekiko dute, 18.00etatik 20.00etara.