- Zestoako Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak 1936tik 1945era bitarteko gertaerak ikertzeko lankidetza hitzarmena sinatu zuten pasa den otsailean memoria historikoa berreskuratzeko. Hala ere, koronabirusak eragindako egoeraren ondoren, martxorako aurreikusita zeuden zenbait ekintza bertan behera gelditu behar izan ziren.

Orain, berriz, Udalak eta Aranzadik ekitaldi horiek berreskuratzea erabaki dute, hilaren 17tik 26ra bitartean ospatuko den Oroimen Astea antolatuz. Horren baitan herritar guztien partaidetzari irekitako hitzaldiak, Bigarren Errepublikako Zestoako azken udal korporazioari omenaldia et Iruñeako Ezkaba presondegira irteera izango dira.

Mikel Arregi alkateak eta Jone Zuloaga Aranzadiko kideak Oroimen Asteko egitaraua aurkezteko agerraldian jakinarazi zutenez, ekintza guztiak "egoerak eskatzen dituen segurtasun eta higiene neurri guztiak errespetatuz" egingo dira.

Antolatutako ekitaldiekin batera, gerra eta diktadurari buruzko zestoarren testigantzak eta dokumentuak (gutunak, argazkiak, idatziak...) jasotzeko Oroimen bulegoa egokituko dute hilaren 17an eta 24an udaletxeko beheko solairuan. Bulegoa 10.00etatik 13.00etara eta 15.00etatik 18.00etara bitartean egongo da herritarrentzat irekita baina bertaratzeko aukerarik ez dutenek 943 466 142 telefono zenbakira dei egin edo memoria@aranzadi.eus helbidera mezu bat bidali ahalko dute, beren testigantzen edota etxean gordeta duten materialaren berri emateko.

Jone Zuloagak zestoarrak animatu nahi ditu bulegora gerturatzeko: "Nahiz eta artxiboetan dokumentu ezberdinak arakatu, etxeko espazioetan gordetako zenbait historia oso garrantzizkoak iruditzen zaizkigu".

Oroimen astea abiatzeko Lourdes Herrasti historialariaren Errepresioa genero ikuspegitik hitzaldia egongo da asteazken honetan (19.00etan) Alonderoko kultur aretoan. Hilaren 20an, berriz, indar frankistak 1936ko irailaren 21ean Zestoara sartu zirenean herritik alde egin behar izan zuten udal korporazioko hamar kideei omenaldia egingo zaie (12.00etan) udaletxean (Udalak haien ondorengoekin harremanetan jarri da ekitaldirako gonbidapena luzatuz).

Bestalde, Karlos Almorza historialariaren Euskal nazionalismoaren aurreneko erresistentzia: Saseta Defentsa Sistema hitzaldia izango da 23an (19.00etan) Alonderoko aretoan.

Azkenik, Ezkaba (Iruñea) presondegira irteera antolatu dute hilaren 27rako. Bertan preso egondako zestoarrei omenaldia egingo zaie eta Olabeko hobia bisitatuko da. Guztira 14 kilometro inguruko ibilaldia izango da eta Fermin Ezkieta Ezkabako presondegiaren historian adituak azalpenak emango ditu.