Atzokoa egun berezia izan zen zarauztarrentzat. Musukoak uskal jantziei protagonismoa kendu zien Zarauzko Euskal Jaietan. Udalak iragarri bezala, egoera "kezkagarri" honen aurrean, ez zen inolako ekitaldirik ospatu eta herritarrek ondo ulertu zuten mezua goizetik. Beste urteekin alderatuz, inoiz baino jende gutxiago ibili zen kaleetan. "Poteo garaian izan dugu jende gehien, baina nabari da egoera berezia dela", azaldu zuen Iruña tabernako Ane Alberdi zerbitzariak. Establezimendu honetako langileak, esaterako, ez zeramatzaten baserritar jantzirik "ez baitago ezer ospatzeko" zioten.

Hainbat kuadrilla, ordea, animatu ziren urteroko arropak armairutik ateratzera. Zalantzarik gabe, alabaina, musukoa izan zen osagarririk garrantzitsuena. Herriko tabernetan lagun arteko bazkariak egiteko aprobetxatu zuten askok eguna. Hala ere, ez ziren "betiko" Euskal Jaiak izan. Osasun Sailak jarritako neurriak jarraiki, askok bi taldeetan bazkaldu behar izan zuten eta Irene Lekuberriren lagun taldeak esan bezala, guztiaren gainetik momentu hauetan "zain-tzea tokatzen da".