Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Urola Kostako Udal Elkarteak elkarlanean, turismo jasangarri eta seguru baten alde kanpaina bat aurkeztu dute: Urola Kosta: itsas-lurra. Kanpainak "COVID-19k eragindako krisiaren aurrean jarduera ekonomikoa dinamizatzea du jomuga; bereziki turismo-enpresa, merkataritza, alojamendu nahiz ostalaritza sektoreari begira", azaldu zuen Udal Elkarteko lehendakariak, Lourdes Salsamendik. Turismoaren eta osasun neurrien arteko "oreka bat" landu nahi izan dute.

Turismo jasangarria sustatzeko helburuarekin sortutako promozioak pasa den astean ekin zion bere ibilbideari Gipuzkoa, Euskal Herria, Errioxa, Kantabria, Madril eta Kataluniako lurretara iritsiz. Orain nazioarteko mugak ere gainditu ditu. Frantziara iritsi baita. Azaldu zutenez, herrialde horietatik jaso-tzen ditu Urola Kostak bisitari gehien. Hein batean, horregatik landu dute lau hizkuntzatan: euskaraz, gazteleraz, katalanez eta frantsesez.

Kanpainaren bitartez aipatutako leku hauetan Urola Kostako turismo aukerak promozionatzen dira, Aia, Zarautz, Zumaia, Orio eta Getariaren ezaugarri bereizgarriak kontuan izanda, baina identitate bateratu bat sortuz.

Urola Kosta: itsas-lurra sustapena martxan jarri zenetik, 50.000 atxikipen baino gehiago izan ditu aipatutako zazpi eragin eremuetan. #UrolaKosta traolaren baitan ehunka post baino gehiago argitaratu dituzte bertakoek zein bisitariek.

Hauek guztiak, www.turismoa.urolakosta.eus webgunean ikusteko aukera izango da. "Ahoz-ahoko kontakizunak du efizientzia gehien. Helmuga bizi duen batek kontatzen digunak konfidantza ematen digu, esperientzia errealak kontatzen dizkigu. Sentimendu erreala sortzen du. Hori da estrategia", argitu zuen Salsamendik. Hiru bideo labur ere sortu dituzte eskualdeko izaera kontuan hartuta.

Euskarri fisikoari ere garrantzia eman nahi izan diote. Zentzu honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak sortutako Gipuzkoa Passportaren barruan sartzeko flyerrak egin dira. Hala, eskualdeko turismo sektoreko enpresen eskaintza ezagutarazi eta bost herriak ezagutzeko informazio puntuen berri emango zaio bisitariari. Urola Kosta helmuga duten bisitariei, bestetik, ontziratze txartela irudikatuko zaie.