Josu Txapartegi Txapas zarauztarra egunero joaten da Salbatore Mitxelena Ikastolara haurrekin abesteko eta haiei pianoa jotzen erakusteko. Koronabirusa dela eta, ordea, Eusko Jaurlaritzak ikastetxe guztiak ixteko agiandua eman zuen pasa den astean eta ordutik, etxean igaro ditu egunak.

Horma tartean bada ere, herritarrak kantuan eta dantzan jarri nahi ditu egun hauetan Txapas akordeoi-jotzaileak. Horretarako, egunero haur, gazte, heldu zein aitona-amonei zuzendutako bideoak grabatzen ditu. "Azken finean, denak gaude egoera berdinean eta herritarrak alaitzeko asmoz jarri dut martxan iniziatiba hau" adierazi zuen Txapasek. Argi du ordea, zer nolako abestiak aukeratu behar dituen: "mugimendua dutenak", jakinarazi zuen artistak.

Hala, arratsaldero, bere etxeko salatik jartzen du dantzan Zarauzko herria. Marije Zumeta bikotearekin elkarlanean egiten du: Zumeta dantzan eta bera, soinua jotzen.

Txapartegiren ustez, "Marije azaltzeak egiten du berezi bideoa". "Aitona-amona bikote bat kantuan eta dantzan ikusteak grazia eta halaber poza ematen dio jendeari", gehitu zuen.

Kantak diren bezala "kontserba-tzea" beharrezkoa da zarauztarraren aburuz, baina kasu honetan, "momentura egokitu ditut pixka bat".

Hiruzpalau publikatu dira dagoeneko sare sozialetan eta atzoko egunean, ostirala izanik, Ostirala izeneko abestia interpretatu zuten. Musikari zarauztarrak buruan ditu hurrengo hiru egunetan eskainiko dituzten piezak, guztiak Imanol Urbietarenak, noski: Nere gorputza, Hanka honek zerbait badu eta Piano-piano. "Kirola egiteko egokiak dira hauek guztiak", esan zuen.

Konfinamendua luzatzen bada, Txapasek ez du kantuan jarrai-tzeko arazorik ikusten, "euskaldunak zortea dugu, nahiko kantu ditugu egin ahal izateko". Beraz, ingurukoek hala eskatzen badiote, jarraipena emango dio hasitako ekimenari. "Etxean bada, kantuan izan dadila!".