- Zestoako memoria historikoa berreskuratzeko asmoarekin, Zestoako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak hitzarmen bat sinatu dute. Elkarlanaren nondik norakoak azaltzeko, agerraldia egin zuten Mikel Arregi Zestoako alkateak eta Javi Buces Aranzadiko historialariak.

Alkateak hartu zuen hitza lehenengo eta adierazi zuenez, egitasmo hau "ilusio handiz" hartu du eta zestoarrentzako "garrantzi handia" duen albistea da. "Garaia da egia objektiboa mahai gainean jarri eta ezagutarazteko", jarraitu zuen. Izan ere, aurreko belaunaldiek garai hartan gertatutakoak "ezkutuan" eraman dituzte askok eta lanketa honekin, oraingo belaunaldiek "gertatutakoaren berri" izango dute.

Euskal Herriko leku askotan horrelako lanketa egin bada ere, Zestoan ez da inoiz egin eta "orain, zorionez, iritsi zaigu ordua". Javi Bucesek, bere aldetik, proiektu honekin "Zestoan gerra eta errepresio frankista jasan zutenen izen-abizenak ezagutu" nahi dituztela azpimarratu zuen, hori baita, hein batean, lanketa honen helburu nagusia.

Ikerketa lanek 2022. urtera arte irautea aurreikusten dute eta bi fase izango ditu, besteak beste: lehenengo fasean 1936tik 1945. urtera arteko gertakizunak ikertuko dituzte. Hori amaitutakoan, Zestoan beste urte batzuetan gertatuako hainbat gertakari aztertuko dituzte historialariek. Hau guztia amaitutakoan, liburu bat argitaratzea da asmoa.

Prozesu honetan, oroimen historikoa berreskuratzeko proiektua martxan jartzeko, historialariak udalaren eta herritarren laguntza beharrezkotzat jo zuen. "Pertsonek artxiboetan aurki ezin daitezken informazioa eskaintzen dute, eta horregatik eskatzen diegu herritarrei testigantza pertsonalak eta bizipenak azaleratzea", azaldu zuen Bucesek.

Zentzu honetan, testigantzak jasotzeko asmoz, Oroimen bulegoa ireki dute. Martxoko astearte guztietan Udaletxeko beheko solairuan izango dira goizez, 10.00etatik 13.00etara, eta arratsaldez, 15.00etatik 18.00etara. Bertara joan ezin dutenek 943 46 61 42 telefonora deitu dezakete edo memoria@aranzadi.eus helbidera mezu bat bidali.

Historialariaren arabera, edozein informazio "baliagarria" izan daiteke. Era berean, garbi utzi nahi izan zuen "diskrezio osoz" jokatuko dutela, herritar ororen intimitatea errespetatuz.

Honen arira, hitzaldi bat antolatu dute. Iñaki Egaña Aranzadiko historialari eta antropologoak, Saseta defentsa sistema izango du hizpide, hilaren 25ean. Hitzordua Alonderoko Kultur Aretoan ospatuko da eta 19.00etan hasiko da.