- Zumarragako Udalak uraren tasa %5,9 igotzea onartu zuen urriko osoko bilkuran, PSE-EEren aldeko botoekin. Sozialistek egoera berraztertu dute eta igoera %1,99koa izatea erabaki dute. PSE-EEk aldeko botoa eman du eta gainontzeko alderdiek abstentzioa eman dute.

EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Zumarragak zuzenketa egitea txalotu dute, baina oraindik ere igoera gehiegizkoa dela deritzote. “Aquarbek 2021ean utzi dio kanona ordaintzeari. 2022an gastu hori ez duenez, tarifa murriztu daiteke”, esan zuen EH Bilduko Josu Aztiriak astearteko osoko bilkuran.

Asteartean Euskadi plazaren zaharberritzea Moyua enpresari esleitea ere onartu zen. Alderdi guztiek alde bozkatu zuten. Lehiaketara hiru enpresa aurkeztu dira eta Moyuak 658.000 euroan egingo du obra, zortzi hilabeteko epean.

Eztabaida luzeena piztu zuen gaia EH Bilduren mozioa izan zen, interes publiko goreneko proiektuen erregulazio berriari buruzkoa.

Aztiriak erregulazio berriak Eusko Jaurlaritzari ingurumenarentzat ona dela deritzon edozein egitasmo nahi duten tokian egiteko eskumena ematen diola salatu zuen. “Horrek udalen autonomia eraso-tzen du”.

Elkarrekin-Zumarragako Ines Benitez ere erregulazio berriaren aurka azaldu zen. EAJko Josu Idigorasek ingurumena arriskutan dagoela eta halako erremintak beharrezkoak direla esan zuen. “Hamaika erkidegok erreminta hori dute dagoeneko, horien artean Nafarroak. Zergatik da txarra han ona dena?”.

PSE-EEko Rosa Maiza ere jaurlaritzari eskumen hori ematearen alde azaldu zen. “Guztiok zenbait egitasmo etxe ondoan garatzearen aurka gaude, baina aurrera atera beharrekoak dira. Erregulazio honek guztion interesa guztiaren gainetik jarriko du”.