Zumarraga: Aldundiak Argixaoko belar berriaren %60 ordaindu du

Obra duela bi aste bukatu zuten eta azken bi asteburuetan Urolaren taldeek Argixaon jokatu dute

07.10.2021 | 01:05
Serrano eta Alvarez. Argazkia: A.Z.

zumarraga – Zumarragako Udalak Argixao futbol zelaiko belar artifiziala aldatu du. Lanak duela bi aste amaitu ziren eta azken bi asteburuetan Urola kirol elkarteko taldeek bertan jokatu dituzte etxeko partidak. Aurrekontua 284.000 eurokoa izan da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak %60ko dirulaguntza eman du. Goizane Alvarez aldundiko Kirol zuzendariak Argixao bisitatu zuen astelehenean, Mikel Serrano Zumarragako alkatearekin.

Serranok eskerrak eman zizkion Aldundiari eta bereziki Arkaitz Millan diputatuari eta Alvarezi. "Beraiei esker lortu dugu diru-laguntza", esan zuen.

Argixaoko belar artifiziala 1991n jarri zen. 2005an lehenengoz berritu zen eta 2021ean bigarrengoz berritu da. "2005ean ez genuen laguntzarik jaso. Oraingoan azken belaunaldiko belarra jarri dugu. Ez du kautxurik behar eta, beraz, jasangarriagoa da. Bestalde, ureztatze sistema lur azpian dago eta ureztatzeko orduan bakarrik ateratzen da aire zabalera", azaldu zuen Zumarragako alkateak.

Serranok Argixaon egindako beste bi obra gogoratu zituen: atletismo pistaren berritzea eta Luis Urdangarin futbol zelaia. "Bi obra horiek egiteko ere Aldundiaren laguntza jaso genuen. Eskerrak eman nahi dizkiot".

Alvarezek belar artifiziala aldatzea ezinbestekoa zela onartu zuen. "Eskerrak eman nahi dizkiot Mikeli, zelaia nola gelditu den ikustera gonbidatu nauelako. 16 urte igaro dira belarra azkenekoz aldatu zenetik. 16 urte asko dira. Belarra aldatu beharra zegoen, neska-mutikoen segurtasuna bermatzeko".

Jendea kirola egitera animatu zuen. "Pandemian jende askok kirola egiteko ohitura galdu du. Batez ere, nerabeen artean. Ohitura hori berreskuratu beharra dugu eta horretarako instalazio egokiak eskaini behar dizkiegu. Zumarragako Udala kirol instalazioetan inberti-tzen jarraitzera animatu nahi dut", amaitu zuen.

noticias de noticiasdegipuzkoa