- Koronabirusa dela eta, aurten ere ez dira Urretxuko Santa Anastasia jaiak ospatuko, baina ireailean zehar kultur ekitaldiak egongo dira. Hala erabaki dute, aho batez, Jai batzordeko kideek. Festak antolatzea ez dela komeni, kulturari bultzadatxoa emateko baliatuko dute. Ekitaldiak irailean zehar izango dira, egitarauak ez dezan festen itxura hartu.

Dagoeneko ekitaldi batzuk lotu dituzte: iraileko bigarren asteburuan Lurra dantza taldeak folklore jaialdia antolatuko du eta irailaren 19an artisau azoka egingo da. Bi kontzertu ere antolatuko dira. Herritarrek kontzertu horietarako musika taldeak proposatzeko aukera dute, urretxu.eus webgunean.

Orain arteko bileretan txistulariek, Lurra dantza taldeak, erraldoi eta buruhandien konpartsak, gazte asanbladak, hip hop kolektiboak, artisauek, musika tailerrak eta dultzaineroek parte hartu dute. Jai batzordearen hurrengo bilera irailean izango da.