- Euskaraz irakurtzen eta idazten ikasi zein trebatu nahi dutenei zuzendutako Irakurketa Errazeko Kluba Euskaraz programa martxan jarriko du Urretxuko Udalak Aste Santuaren ondoren.

Talde hau astero bilduko da liburutegian. Irakurketa programetan eskarmentua duen euskaldun berri batek zuzenduta, parte-hartzaileek euskaraz irakurri eta hitz egingo dute bertan, dinamizatzailearen laguntzarekin eta inongo beldurrik eta konplexurik gabe. Izan ere, irakurketa klubak, irakaskuntzaz gain, sozializazio funtzioa ere badu.

Proiektu hau herrian atzemandako behar bati erantzuteko jaio da, euskaraz hitz egin eta ulertu arren irakur-tzeko edo idazteko arazoak edo ohitura falta duten horiek proposatuta. Dela erdaraz alfabetatu zirelako, dela horretarako foro egokirik topatu ez dutelako, asko dira Urretxun euskara batuan irakurri eta idazten ez dutenak, eta gustura egingo luketenak.

Klubeko kide batek esan bezala, "euskara, ahoskatzen eta irakurtzen ez den edozein hizkuntza bezala, herdoildu egiten da. Erabili nahi dugunean barregarri eta segurtasunik gabe sentitzen gara, eta ez gara ausartzen". Hori ekiditeko, gune seguru eta atsegin bat sortu du Udalak, non parte-hartzaileek euskaraz hitz egin, esperimentatu, hanka sartu, esamolde berriak ikasi, erabili eta hobetzeko aukera izango duten.

Ostegunero elkartuko dira, 15.00etatik 16.00etara, liburutegian. Izena emateko 943 038 083 zenbakira deitu behar da edo aniztasuna@urretxu.eus helbidera idatzi.