- Argixao industrialdean ipini du Zumarragako Udalak ibilgailu elektrikoen karga puntu berria. Urtean zehar puntu horretan errekargatzea doan izango da ibilgailu elektrikoak eta karga puntua bera sustatzeko. Udalak beste bi puntu jarri behar ditu urtea amaitu aurretik: bata geltoki intermodaleko parkinean egongo da eta bestea Zelai Ariztiko aparkalekuan.

Karga puntua atzo inauguratu zuten. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak, Marimar Iglesias Ingurumen zinegotziak, Josu Etxaniz ekonomia berriko eta Agenda 2030eko teknikariak eta David Panadero arkitektoak parte hartu zuten.

Bi ibilgailu kargatu ahal izango dira aldi berean. Urtea amaitu arte, bertan autoa kargatzea doanekoa izango da. "Karga puntutik eratorritako kontsumoa Zumarragako Udalaren esku egongo da, karga puntuaren erabilera sustatzeko. 2022tik aurrera, ordea, kontsumitutako kilowatt bakoitzeko tasa bat aplikatuko da, energia elektrikoaren prezioaren arabera. Zerbitzua erabili ahal izateko, beharrezkoa da Recarga Pública Iberdrola aplikazioa deskargatzea. Dagoeneko industrialdeko karga puntu hau aplikazioan ikusgai dago", esan zuen alkateak.

Kargatzeko puntuaren gainean eguzki plakak jarri dira, energia garbia sortzeko. "Instalazio fotovoltaikoak sortzen duen energia 500 metroko erradioan dauden udal lokaletarako eta argiteria publikorako erabiliko da. Baita karga gunea elikatzeko ere". Inbertsioa 26.618 eurokoa da eta Aldundiko Ingurumen departamentuak %46 ordaindu du.