- Streaming bitartez ikusi ahal izango den jaialdia antolatu dute Zarraparraz kolektiboak eta Urretxuko Motz tabernak. Egoerak behartuta, parte hartuko duten musikariek beraien etxetik eskainiko dituzte emanaldiak eta ikusleek ere etxetik ikusteko aukera izango dute, Facebook plataforman eta debalde, abenduaren 12an. La Perra Blanco (Andaluzia), Joseba Irazoki (Euskal Herria), Joao Tomba (Galizia) eta Johnny Casino (Australia) musikariek joko dute.

Jaialdiaz gozatu nahi dutenek Facebookeko Zarraparraz Live Streaming Stage (https://www.facebook.com/groups/2513650558846582) taldean izena eman behar dute. Jaialdia 22.00etan hasiko da.

La Perra Blanco taldeak rockabilly musika jotzen du. Taldeko burua Alba Blanco gaztea da. Joseba Irazokiri dagokionez, dagoeneko ez du aurkezpenik behar. Bere musika, berriz, ez dago aurkezterik: denetik egiten du eta ez dago esaterik abenduaren 12an zer egingo duen. Gauza ziur bakarra, entzuleen gustukoa izango dela da. Johnny Casino gitarra-jotzaile australiarrak ibilbide luzea du. Egun Alacanten bizi da eta bere azken diskoan kanta lasaiak aurkitu ditzakegu. Joao Tombari dagokionez, rock and rolla eta umore ona uztartzen ditu.