- Ombuaren itzala egitasmoa aurkeztuko du gaur Eguzki Art ekoiztetxeak, Urretxuko udaletxeko atarian arratsaldeko 19.00etan. Proiektu hau Pedro Mari Otaño bertsolariaren ingurukoa da eta auzolanean egingo da.

Aurkezpenean Patxi Bisquert aktore ezagunak parte hartuko du. Bisquert egitasmoaren sustatzaile nagusia da. Aurkezpenera joan nahi dutenek 943 038 088 zenbakira deitu behar dute izena emateko edo aizpuru.ur@urretxu.eus helbide elektronikora idatzi.

Otaño 1857an jaio zen Zizurkilen eta 1910ean hil zen, Argentinan. Pelikula bere bizitzako azken bi hamarkadetan egongo da oinarritua, 1890etik 1910era alegia. Urte garrantzitsuak izan ziren bertsolari zizurkildarrarentzat eta euskal gizartearentzat ere: herria ekonomikoki lur jota zegoen, gazte asko erbestera joan ziren, politikari dagokionez egoera nahasia zen...

Otañoren biografiak bere garaiko aldaketa, gertaera eta mugimendu nagusiak islatzen ditu: ?baserri baten jaio zen, foruen abolizioaren ondorioak bizi behar izan zituen, atzerrira joan zen bizimodu hobe baten bila, industriaguneetako ideia sozialisten berri izan zuen, abertzaletasuna nola gorpuztu zen ikusi zuen...

Proiektu honen helburua hori guztia fikziozko filma batean jasotzea eta belaunaldi berriei helaraztea da, ahanzturan erori ez dadin. Hamar euroko ekarpena egin daiteke eta trukean pelikula ikusteko sarrera eskuratu. Helburua 300.000 euro lortzea da.