- Ordiziako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero antolatzen du Barroko Aire jaialdia, barroko garaiko musikari bide emateko eta herritarren eskura jartzeko. Igandean bi emanaldi izango dira eta biek Vivaldiren Lau urtaroak lanaren inguruko interpretazioak egingo dituzte.

Arratsaldeko 16.30ean haurrentzako eta familientzako sortutako programa, Barroko Txiki, eskainiko da Herri Antzokian. Bereziki 3 eta 8 urte bitarteko haurrentzat zuzenduta egongo diren ekintzak jarriko dira egitarau barruan. Kasu honetan, familian gozatzeko antzezlana jarriko da taula gainean. Lau urtaroak lanean oinarritua, eta Salto Sorkun-tzak taldeak ekoitzi duen Lau lana ikusgai izango da. Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude bai Kutxabank-en webgunean eta Herri An-tzokian bertan ere lortu daitezke.

Segidan, 18.30ean hasita, BABX (Behi bideko Andere xuriak) eta Lau Sasuak taldeen eskutik, artistaren obra interpretatuko dute parrokian.

Marina Beheretxe biolin jotzaileak sortu zuen proiektua. "Lau urtaroak euskal moduan, euskal saltsan egitea zen asmoa. Biziki ikuspegi argia behar zuen, eta bazuen", agertu du Mikel Etxekoparrek, proiektuko txistulari eta kantariak.

Aurtengo Barroko Aire osatuko duten emanaldi guztiak bezala, hau ere doakoa izango da. Hala ere, edukiera mugatua izango du segurtasun neurriak bete ahal izateko, eta gonbidapenak jaso behar dira Barrena Kultur Etxean, edo 943 805 630 telefonoan.