- Aho batez onartu ditu Urretxuko Udalak 2021eko ordenantza fiskalak. Herritarrei koronabirusaren agerpenak eragindako krisiari aurre egiten laguntzek,zerga, tasa eta prezio publiko gehienak izoztu egingo dira.

Zaborraren bilketaren eta tratamenduaren inguruko tasa da eztabaidarik handiena piztu duena. Izan ere, Sasieta mankomunitateak tasa hau %11,59ko igotzea proposatu dio Urretxuko Udalari. Igoera honen arrazoia Mutiloko zabortegiaren itxiera da. Zabortegi hau itxi denez, Urretxuko industria hondakinak urrutirago bidali beharko dira.

Gaiaren inguruan eztabaidatu ondoren, Urretxuko udalbatzako kideek zaborraren tasa ere izoztea erabaki dute. Gai horrekin lotuta, enpresekin eta Sasietarekin batera lan egiteko asmoa dute. Helburua kontzientziazio lana egitea da, enpresek ahalik eta hondakin gutxien sor dezaten eta hondakin hori behar bezala kudeatu dezaten. Hala, Urretxuko enpresek sortzen dituzten hondakinak kudeatzea gutxiago kostako da eta udalak tasa bidez kobratzen duenarekin ordaindu ahal izango da.

Etxeetan sortzen den zaborrari dagokionez, kontzientziazio kanpainek emaitza onak izan dituzte. Izan ere, gaikako bilketa %46tik %79era igo da urte gutxitan.