- Juanjo San Sebastian alpinista eta eskalatzaile bilbotarrak proiekzioa eta hitzaldia egingo ditu hilaren 15ean, 19.00etan, Legazpiko Lekanazpi elkartean. Sarrerak 2 euro balio du eta ekitaldiaz gozatu nahi dutenek https://labur.eus/Li5Sb helbidean izena eman behar dute.

San Sebastianek bost kontinenteetako mendiak igo ditu. 1981ean joan zen lehen aldiz Himalaiara eta hainbat zortzimilako igo ditu. Al filo de lo imposible telebista saioko kolaboratzailea izan da eta hainbat liburu idatzi ditu.

Legazpiko hitzaldiaren izenburua El viaje da eta bertan alpinistak bere esperientziak, bizipenak, bere helburuen bilakaera, sentsazioak, arriskuaren pertzepzioa eta denboraren joanean izan dituen ikuspuntuak azalduko ditu.

Lekanazpi elkartean emango duen hitzaldian berarentzat bereziak diren bi mendi izango ditu ardatz: Alpamayo mendia, Andeetako mendilerroan, eta K2 mendia, munduko bigarren tontorrik altuena.

Himalaiako K2 mendia oso mendi zaila da eta bertan bere esperientzia tragikoena bizi izan zuen, 1994an. Aipatutako mendiaren tontorrera iristeko lau saiakera egin zituen eta laugarrenean lortu zuen helburua.

Alpamayon bi aldiz lortu du gailurra zapaltzea. Lehenengoa, Europatik kanpo egin zuen lehen espedizioan izan zen. Alpamayoko gailurra K2ko esperientzia tragikoaren ondoren zapaldu zuen bigarren aldiz. Lehen espedizioa zuen, K2koaren ondoren.