- Koronabirusak ez du Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurreneko ospakizun guztiak atzeratzea lortu. Bere jaiotzaren 200. urteurrena abuztuaren 12an izango da eta egun horretarako bi ekitaldi antolatu dituzte.

Hasteko, 12.00etan lore eskaintza egingo dute. Loreak Iparragirreren estatuaren ondoan jarriko dituzte. Ondoren, Gorka Hermosa akordeoilari urretxuarrak Urretxutikmundura konposizioa emango dio alkateari. Bukatzeko, konposizioaren zati bat joko du.

Hermosa XXI. mendeko Iparragirre edo akordeoidun Iparragirre dela esan daiteke. Izan ere, Iparragirrek bezala, Urretxun jaio eta mundu osoan zehar bidaiatu du bere instrumentuarekin. Iparragirrek, Gipuzkoatik bota zutenean, Santander aldera jo zuen. Hermosa bertan bizi da, hain zuzen ere. Bertako kontserbatorioko irakaslea da.