- Paulek 11 urte ditu, 12 egiteko. Ikasturte honetan Lehen Hezkuntzako 6. maila egin du Haztegi ikastolan. Duela hiruzpalau urte Consuelo Lorgiaren (Juan Tamarizen emaztea) magia ikuskizuna ikusi zuen Donostiako Kursaal aretoan eta asko gustatu zitzaion. Hala, bera ere magia egiten hasi zen.

Oso argi du zergatik gustatzen zaion magia egitea. "Inor zirikatu gabe, jendea txunditzeko aukera ematen du. Asko gustatzen zait ikusleek jartzen duten aurpegia ikustea".

Orain arte ikasi duen guztia beste mago batzuen eskutik eta Internet bidez ikasi du. Truko dezente dakizki dagoeneko. Mago ona izateko asko praktikatu behar dela dio. Horretaz gain, jende aurrean hitz egiten jakin behar da. "Ondo jakin behar duzu zer esan eta jendeari barrea eragitea ere garran-tzitsua da. Horretarako, gidoia prestatu behar da".

Paulek ikastolan eta Alemanian (bere aitaren sorterrian) egin ditu orain arteko magia ikuskizunak. Lekanazpin ere oso ondo pasako dutela dio. "Kartak erabiliko ditut, gehienbat. Bi mentalismo truko ere egingo ditut. Eta ikusleei truko bat egiten irakatsiko diet. Asko praktikatu dut eta dena ondo aterako da. Gainera, ondoren merienda dugu. Primeran pasako dugu".

Legazpiko gaztetxoa beste mago ba-tzuen ikuskizunetara ere joaten da. Gehien gustatzen zaiona Eric Chien munduko txapelduna da. "Munduko txapelketan egin zuen trukoa ikustea gomendatzen dut".

Paulek magia ikuskizuna eskainiko du bihar, 18.00etan, Lekanazpi elkartean. Ondoren, merienda egingo dute. Ekitaldi hau 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendua dago eta sarrera guztiak saldu dira.