- Ostiralean ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Udalaren Euskara sailak hainbat ekintza antolatu ditu.

Hasteko, Azkoitiko Ahotsak proiektuaren aurkezpena izango da bihar (18.30ean) udaletxean. Ekitaldi horretan, euskararen aldeko aldarria egiteaz gain, egitasmoan parte hartu duten herritarrak omenduko ditu Udalak, beti ere, "euren hizkera, duten ahozko ondarea eta euskarari lotutako pasadizoak partekatzeagatik".

Ahotsak proiektuak Euskal Herriko hizkerak jasotzen ditu eta Azkoitiko 80 herritarren grabazioak daude jasota. Udaletik azaldu dutenez, "aurten, Hike Eizan! egitasmoaren baitan, hitanoaren inguruko elkarrizketak egin dira baina aurretik euskararen inguruan egindako elkarrizketak ere badira eta bihar hizlari bakoitzari bere grabazioa entregatuko zaio".

Azkoitiko Ahotsak proiektuari dagokionez, gogoratu behar da 2008tik 2010era bitartean 33 herritarren testigantzak jaso zirela eta etenaldi luze baten ostean, Udalak eta Badihardugu Euskara Elkarteak 2019an sinatu zuten lankidetza hitzarmen berri bat proiektuari jarraipena emateko: "Ordutik hona elkarrizketatutako 27 lagunak omenduko dira ostegun honetan", aurreratu du Marijose Arregi, Euskara zinegotziak.

Bere hitzetan, "Ahotsak proiektuarekin gure ahozko ondarea babestu nahi dugu, bestela galtzeko arriskua egon daitekeelako. Horregatik, elkarrizketekin jarraitzea da gure asmoa, ondorengoek jakin dezaten nola hitz egiten zuten gure aurrekoek".

Azkoitian hitanoa indartzeko abian den egistasmoaren baitan, Udalak lantaldea eratu zuen eta Xabier Eizagirre taldekideak hike gehien erabiltzen diren aditzen gida landu du. Argitalpen horretan 37 aditz laguntzaile eta 30 aditz trinko jaso ditu, "hiztunek zuzen erabil ditzaten noka eta toka". Aste honetan, gida etxe guztietara banatuko da: "Neurriz ere aproposa da poltsikoan eramateko".

Euskararen Eguneko egitaraua osatzeko Udalak Ahotsak proiektuan jasotako elkarrizketak eta hitanoa agertzen edo erabiltzen den kantuak argitaratuko ditu aste honetan bere sare sozialetan.