- Soreasu antzokiak Kulturaz kooperatibak eta Ospel Films ekoizetxeak elkarlanean antolatutako I Hator hator horror fest zine jaialdia hartuko du abenduaren 10etik 12ra bitartean eta bertaratzeko interesa dutenek dagoeneko eros ditzakete emanaldi ezberdinetarako sarrerak kulturaz.eus web gunean. Gainera, beldurrezko zinea gustoko dutenek emanaldi guztiak ikusteko bonoa eskuratu dezakete.

Hasteko Xanti Rodriguez azpeitiarrak zuzendutako Pasaia, Ospel eta Lekaime laburmetraiak ikusi ahalko dira abenduaren 10ean (19.00etan). Segidan zuzendariarekin solasteko aukera izango da.

Hilaren 11n film laburren bi emanaldi egingo dira (beldurrezko 10 laburmetrairekin 10.00etan eta animaziozko beste 10 film laburrekin 12.30ean). Era berean, Titane (16.00etan) eta Halloween Kills (18.30ean) filmak emango dira. Azkenik, Hator Hator garagardoaren dastaketa izango da Sanagustinen (20.30etik aurrera).