- Ekainaren 28tik uztailaren 4ra bitartean, Zestoak Antzerki Astearen edizio berria ospatuko du. Aurtengoan oso mota ezberdineko bost obra eta Emakumeak sorkuntzaren bideak zabaltzen mahai-inguru bihurriaz gozatzeko aukera izango da. Nobedade gisa, an-tzezlan guztiak Fundiziyu bezala ezagutzen den industrialdeko Caravan Park pabiloian oholtzaratuko dira.

Eromen produkzioak (Zestoako Arte Eszenikoen Eskolak) antolatzen duen 2021eko Antzerki Asteari hasiera emateko Lesakako Mairu antzerki tailerreko kideek Iluntzen antzezlana taularatuko dute ekainaren 28an.

Hurrengo hiru egunetan, berriz, Zestoako Antzerki eskolako lagunek Iñigo Dierezek idatzitako eta Amancay Gaztañagak zuzendutako Guateke antzezlana aurkeztuko dute herritarren aurrean.

Edonola ere, egitarauak ez du atsedenik hartuko eta uztailaren 2an hi-tzordu bikoitza izango da Zestoan. Hasteko, Kultur etxeak Zuriñe Maguregik gidatuko duen eta gonbidatu bereziak izango dituen Emakumeak sorkuntzaren bideak zabaltzen mahai-ingurua hartuko du (17.30ean) eta horren ondoren Artedrama konpainiaren Atzerrian lurra garratz lan berriarekin disfrutatzeko aukera izango da. Amancay Gaztañagak zuzendutako obra horretan Ander Lipus eta Laura Penagos aktore ezagunek parte hartuko dute.

Eta guzti hori gutxi balitz, uztailaren 3an Xake Produkzioak konpainiak Getari Etxegarai zuzendariaren aginduetara ekoitzi duen eta 2021eko Donostia Antzerki Saria eskuratu duen Fadoak entzuten zituen gizona antzezlanarekin gozatu ahalko da (aktore lanetan Kepa Errasti, Iñigo Aranbarri eta Ane Gabarain arituko dira).

Azkenik, Zestoako antzerki eskolako gaztetxoek Mikel Ibargurenek zuzendutako Santiaga antzezlana aurkeztuko dute uztailaren 4an.

Antzerki Astearen baitan ekainaren 28tik uztailaren 3ra bitartean egingo diren emanaldiak 20.00etan hasiko dira baina uztailaren 4koa 12.00etan hasiko da.

Edonola ere, sarrerak datorren asteartetik aurrera erosi ahalko dira Zestoako Turismo Bulegoan. Sarrera bakoitza 8 euroren truke lortu ahalko da baina herritarrek lau antzezlan ikusteko bonoa erosi ahalko dute, 26 eurotan. Hori bai, gaztetxoen emanaldirako sarrerak 2 eurotan eskuratu ahal izango dira eta mahai-ingurura doanik izango da (bertaratzeko interesa dutenek aurrez eman behar dute izena Turismo Bulegoan).