- 2001. urtetik goi mailako mendiko egitasmoak bultzatzeko eta Joxe Takolo azpeitiar mendizalearen izena eta izanaren berri emateko helburuekin eskaintzen duten bekaren edizio berri bat jarri dute abian Azpeitiko Udalak, Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak.

Azken urteotan bezala, Joxe Takolo bekaren onuradunak "goi-mendia, abentura, zientzia, esplorazioa edota dibulgazioarekin zerikusia duten proiektuak bultzatzeko" 3.000 euroko laguntza jasoko du eta interesatuek maiatzaren 21era bitartean aurkez ditzakete bere proiektuak Azpeitiko Udalean (presentzialki edo webgunearen bidez).

Udaletik gogorarazi dutenez, "bekaren helburuarekin bat datorren ekimenen bat antolatzen duten Euskal Herriko mendizale, mendi-elkarte eta beste hainbat eratako elkarte eta talde aurkez daitezke" bekaren deialdira.

Egoitz Arruti, Kirol batzordeburuaren hitzetan, "Joxe Takoloren izena eta izana goi mendizaletasunari lotuta jarraitzeko bekari eusteko konpromisoa dugu eta mendizaleak beren proiektuak aurkeztera animatu nahi ditugu. Mendizaletasunaren eta gure balioek erabat egiten dute bat, herri izaera zehatz bat sortzen lagundu du eta horretan jarraitzea nahi dugu".

Era berean, Arrutik azken hilabeteotako osasun alarma egoerak mendizaletasuna indartzeko balio izan duela azpimarratu du: "Gero eta jende gehiago dabil mendietan, eta mendizaletasunaren balioak transmititzeko garai onak dira. Aldi berean, mendizale esperimentatuek proiektu berri eta interesgarriak pentsatzeko eta amesteko denbora izan dute, eta proiektuak aurkeztera animatu nahi ditugu".

Edonola ere, beka esleitzerakoan, izendatutako batzorde teknikoak ?proiektuaren originaltasuna, zailtasuna, parte-hartzaileen profila eta jardueraren eta baliabideen finan-tzaketa baloratuko ditu.